Beste behin ere ilusioz eta alaitasunez beterik datoz Lizarrako karriketara gure txikiak besarkatzeko gogoz. Azken urteotako aldaketei segida emanez, hiru hitzordu egonen dira
Neguko festen zikloa Arimen Gauak zabaltzen badu ere, ospakizunen gailurra neguko solstizioarekin heltzen da, dudarik gabe, eta harekin, Olentzero. Eranafarroa webgunetik «Sukilaren edo eguberritako enborraren pertsonifikazioa da, ziur aski, Olentzeroren jatorria. Izan ere, egur hori gabon gauean pizten zen eta sutan mantentzen zen urteberria hasi arte, neguaren amaiera eta urte zaharra adierazten ditu, eta era berean, urte berrian sartzen laguntzen du».
Sukilaren bueltan ageri zen Olentzeroren errepresentazioa aldatu da gizartearekin batera: eske-errondan ibili beharrean opariak erosi; auzoan irudimenak agindutako panpina egin eta jaia antolatu beharrean ikuskizun bihurtutako kalejirak ikustera ateratzen gara… Lizarran, hala, hiru hitzordu antolatu dira:
- Abenduaren 21ean, larunbatarekin, Olentzerok eta Mari Domingik haurren gutunak jasoko dituzte Larraizan. Abiapuntua ohi bezala Irantzuko monasterioa izanen da, 9:30ean abiatuko dira familiak aterpetxe aldera. Nork bere basoa ekartzea eskatzen da, han eskainiko den txokolatea hartu ahal izateko.
- Abenduaren 24an, astearte goizez, 12:00etatik hasita Santiago plazan: Hamabitakoa hainbat elkarteren eskutik (Gure Hizkuntza, Peñaguda, Gure Geroa, Basaula eta La Bota) eta harekin batera trikitilariak, bertsolariak eta txikientzako jolasak Kulki jolas parkearekin, azken hau Gareanen eskutik. Ekarri berriro ere edalontzia eta zatoz baserritarrez jantzita! Eguraldi txarra egitekotan, Remontivaleko jolastokian eginen da.
- Eta, abenduaren 24an, arratsaldean haur guztiek espero duten une handia, Mari Domingi eta Olentzeroren kalejira: 17:00etan Lizarra Ikastolan kalejira prestatzeko. 17:20an irteera eta 17:45ean Olentzero eta Mari Domingiren etorrera. 18:30ean agurra San Martin plazan eta jarraian poteoa eta musika plaza berean, San Andres peñaren laguntzarekin.