Ohi bezala, neguko solstizioaren bueltan familiak dira protagonista. Hala, Olentzero, antzerkia, ginkana eta zinema izanen dute bi aste hauetan.
Abenduak 24, Olentzero eta Mari Domingi Lizarran. Azken bi urteotako bideari jarraituz, Olentzeroren ohiko kalejirak eguerdian erreplika izanen du: 12:00etatik aurrera Santiago plazan musika, dantza, txokolatada eta Kulki jolas parkea. Arratsaldean, aldiz, Olentzero eta Mari Domingiren ohiko kalejira.
Abenduak 26, 18:00etan Los Llanos Kulturagunean: Aurkitu gabeko altxorra familia-antzerkia, umorez betetako antzerki eta zirko ikuskizuna. Sarrerak 4 euroan, online eta txarteldegian. Antzezleak: Ainhoa Juaniz, Iraia Salbide eta Luis Lainez. Konpainia: Zirika Zirkus. Amestutako ikuskizuna, zirkua, antzerkia, maitasuna eta umorea barne hartzen dituena.
Abenduak 26 eta urtarrilak 2, Altxor karlista bat Lizarran ginkana Karlismoaren museotik abiatuta 11etan. Adina: 7 eta 12 urte bitartean. Jarduera doan izanen da, eta ele-bitan, eskatu euskara! Izen bereko komikian oinarritutako jarduera honetan hiriko erdigunetik ibiliko gara, aire zabalean, eta Karlismoaren Museoan hasi eta amaituko da. Ezinbestekoa da aurretik erreserba egitea 948 55 21 11 telefonoan (asteartetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara).
Abenduak 29, 12:30ean, eta urtarrilak 11, 17:30ean, bisita gidatuak euskaraz Karlismoaren Museoko aldi baterako erakusketan: Sebastian Taberna, gerraren aurpegiak. Erakusketan, Sebastián Taberna Arregiren (Iruña, 1907-1986) lana nabarmentzen da, baita argazki funtsek ondarean duten garrantzia ere. Kazetaritza grafikoaren urrezko aroan kokatu behar dugu Taberna, non argazkigintza demokratizatu baitzen 35 mm-ko kamera konpaktuei esker, eta mintzaira berri horrek XX. mendeko ikus-kulturaren oinarria eratu zuen azkenean.
Urtarrilak 2 eta 3, Los Llanos Kulturagunean 17:00etan animazio filmak: Central Parkeko heroiak eta Buffalo Kids animazio filmak euskaraz, akzioa eta abentura euskaraz. Sarrerak 2 euroan, online eta txarteldegian.
Gabonetan, bisita gidatuak euskaraz Hobi Sainduan. Hobi Saindua «Ikonografiak eta zaharberritzea» bisitak eginen dira 6 euroan. Erreserbak online: https://visitarestella.com