(Jatorrizko irudia Wikipediatik hartuta eta moldatuta)
Irantzu Mankomunitateko euskara zerbitzuan Deierriko herritar baten eskaera jaso zuten apirilaren erdialdean: Nortasun Agiria berritu zuen eta udalerriaren izena elebiz agertzen bazen ere (“Valle de Yerri / Deierri”), ez zen hala gertatzen bere herriarekin. Honela, berehala N.A.aren Iruñeko bulegora Deierriko herrien izen ofizialen N.A.O. esteka bidali zen eskatuz kontuan hartzeko eta zenbait kontsulta eginez. Abuztuan amaitu ziren izapideak eta hona hemen hauen emaitzak, laburbildurik:
- Deierriko kontzeju batzuen izenak ez zituzten jasoak. Konponduta.
- Udalaren izena defektuz agertzen da elebiz, izen bakartzat baitute: Valle de Yerri / Deierri. Kontzejuekin ez da hala gertatzen, herritarrak eskubidea du euskaraz jartzeko baina eskatu behar du; bulegoan ez dute berez aldatzeko aukera eskaintzen, herritarraren ekimena izanen da eskatzea.
- Herriaren izena bi lekutan agertzen da: Jaioterria eta Bizilekua. Bizilekua aldatzea berehalakoa da; Jaioterria aldatzea, aldiz, ez. N.A.ren bulegotik dokumentazioa igorri behar dute Madrilera. Euskara teknikariari azaldu dioten prozedura: herritarra bulegora doa, N.A. zaharra eta argazki batekin, eta eskatzen du; bulegoko langileek dokumentazio guztia eskaneatu eta igortzen dute (dokumentazioa bulegoan bertan dutela azaldu dute) eta 2-4 egunen buruan herritarra deitzen dute hitzordu berri bat adosteko eta N.A. berritua jasotzeko, hor bukatuko lirateke herritarraren izapideak.
- Nortasun Agiria elebiz? “Primer apellido, Fecha de nacimiento, Domicilio…” elebiz nahi dituzu? E.A.O.aren abenduaren 23ko 1553/2005 Errege Dekretuko 11.3 artikuluak dio: “Los textos fijos se expresarán en castellano y los expedidos en territorio de aquellas Comunidades Autónomas que tengan otra lengua oficial, serán también expresados en esta.“. Baina nabarmena da N.A. eta bestelakoak ez ditugula elebiz Nafarroan, Espainiako Gorteek 1986ko Euskararen Legeaz egin omen zuen interpretazioan euskara ez denez Nafarroa osoan ofiziala, ez zitzaion 11.3 artikulua aplikatuko. Euskara teknikariaren iritziz, argumentua justu kontrakoa beharko luke: euskara ofiziala denez lurralde zati batean elebiz izan beharko luke. Nafarroako Legebiltzarrak horren haritik ebazpenak onartu ditu, 2011ren abenduaren 02an kasu. Arazo hau konpondu bitartean (Euskara ofizial egin Nafarroa osoan edo Espainiako Gorteek irizpidea aldatu), hainbat herritarrek albo-bidea jarraitu dute: E.A.E.ko bulegoetara joan dira N.A. berritzera, bertan elebiz egin baitezakegu herritarrok, baita nafarrok ere.




