Mintzapoza praktikatu! eman izena Mintzakiden

Mintza poza praktikatu!

  1. Zer? Kafe, pote, paseo… baten bueltan taldean euskaraz solas egin.
  2. Zenbat? Astean ordubete.
  3. Norekin? Mintzalagunekin.
  4. Nola? Urrian eman izena Lizarraldeko eta Izarbeibarko Mintzakiden, doan da, zure euskaltegian, Lizarra, Garesko eta Deierriko udaletxeetan fitxa bete edo, ez baduzu topatzen, jarri harremanetan Gareanekin: 672050155 edo garean@gmail.com

Lizarraldeko eta Izarbeibarko Mintzakidek ikasturte berrian noiznahi, nonahi mintzapoza praktikatzeko gonbidapena luzatzen die euskaltzaleei. Mintzalagunak lagunartean, modu eraginkorrean eta giro ezin hobean euskaraz saretzeko esperientzia anitzak eskaintzen ditu duela 13 urtetik. Ikasturte berria hastearekin batera, etengabe ehuntzen doan sarearen partaide berriak mintzapraktikan murgilduko dira. Mintzapoza praktikatu nahi? Zure herrian, eskualdean, nonahi:

30 urte mintzapoza praktikatzen
30 urte bete dira Euskal Herrian lehen Mintzapraktika egitasmoa abiatu zenetik. Donostiako Bagera euskaltzaleen elkartea izan zen lehen pauso hura eman zuena, gerora hainbesteko mugimendua ekarri duen pausoa. 1993ko abenduan izan zen: sei Bagerakide eta euskaltegietan ikasten ari ziren beste sei lagun elkartu eta justu hortxe sortu zen mintzapoza.

Orduz geroztik Euskal Herrira zabaldu da egitasmoa eta Mintzalagunen sarea. Pentsa, gaur egun 7700 pertsonatik gora ari dira astero elkartzen Mintzapraktika egiteko. Astean ordu betez, solasaldi lasaian, Bidelagunek lotsa gainditu, akatsak egiteari beldurra kendu, hizkuntza ohiturak aldatu eta erabileran trebatuz. Bidelagunei, modu boluntarioan ari diren euskaldunei, astean ordu bete eskainiz, ezagutza partekatu eta euskararen alde alea jartzeak MintzaPoza sorrarazten die.

Aurreko artikuluaBota eguneko kontzertuak aldatu dira: EH Sukarra eta The Whaler
Hurrengo artikuluaNafarroako Bertso Txapelketa: larunbatean Vianan