Urriaren 7an abiatu da 2023ko Nafarroako 46. Bertsolari Txapelketa, 24 bertsolarirekin eta hamarnaka gai-jartzaile, epaile, laguntzailerekin. Zortzi saio izango dira denera, beste horrenbeste udalerritan, eta finala Iruñean jokatuko da, abenduaren 2an. Saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko, www.bertsosarrerak.eus atarian.
Bi hilabetez Nafarroako lur berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu Txapelketak. Bide horren bitartez, euskarari eta euskarazko kulturari ekarpen mamitsua egingo dio bertsolaritzak, Nafarroako hainbat eskualde eta bazterretara hedatuz. Viana haien artean.
Vianakoa (txapelketaren historian lehen aldiz), Uharte, Agoitz eta Iruritarekin batera, final-laurden izanen dugu. Hor ariko diren 24 bertsolaritatik 18k egingo dute aurrera, finalaurrekoetara. Fase horretan hiru saio izango dira, Altsasun, Agoitzen eta Lesakan. Azkenik, Iruñean jokatuko da finala, abenduaren 2an, larunbatez, Anaitasuna kiroldegian. Zortzi bertsolari ariko dira bertan, finalaurrekotatik sailkatutakoak. Zortzi horien artean, saioan zehar puntuaziorik altuena lortzen duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute. Hor erabakiko da 2023ko txapelduna.
Sarrera guztiak eskuragai daude gaurtik aurrera www.bertsosarrerak.eus atarian. Saioen egunean bertan ere jarriko dira leihatilan salgai, beti ere Internet bidezko salmentan agortu ez badira. 17:30ean hasiko dira saio guztiak, salbu eta finala, 17:00etan hasiko dena.
VIANA | Urriak 14, 17:30ean Kultur etxean. Sarrerak online.
Bertsolariak: Aitor Irastortza Arrizurieta, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Julio Soto Ezkurdia, Patxi Castillo Graciarena, Urko Gartzia Aleman eta Xabat Illarregi Marzol
Aurkezlea: Zigor Gartzia Arregi “Zian”
EGIN BEHARREKO LANAK
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian
Ganbarako lana
Banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian
Banaka, gaia emanda, bi bertso nahi den doinu eta neurrian




