Mintzakide hasiera, izen-emate kopuruak: “Ze polita den kalean euskara entzutea” beharrean “ze polita euskaraz aritzea”

Mintzakide

Mintzakide Dinamizatzailearen partetik, Olentzero bailitzan, eskutitza jaso dugu. Bertan, Mintzakide programaren izaeraren berri ematearekin batera izen emate datuak ematen dizkigu. Hona hemen datu horiek:

Partaideak, 100 lagunetik gora. Erdia ingurua Lizarran eta besteak Izarbeibarren.

Mintza-taldeak, 18 talde. 10 Lizarran eta 8 Garesen, Utergan, Mañerun, Mendigorrian eta Ziraukin.

EUSKARAK GARRANTZIA DAUKA BAILARAKO EGUNEROKOTASUNEAN

Badira urte asko Mintzakide egitasmoa martxan jarri zela Lizarraldean eta Izarbeibarren eta ikasturte honetan ere, nola ez, mintzataldeak hasi dira beren pote, solasaldi, afari eta barreekin. Izan ere, ez da mintzapraktika egiteko gune edo une bat soilik, euskaraz eta euskararekin disfrutatzeko aukera ere bada, egunerokotasuneko elkarrizketak zein jarduerak gure hizkuntzan izateko tenorea.

Horregatik, ez dira gutxi aurten proiektu honetan parte hartzera animatu diren pertsonak, eta are gutxiago aurreko urtetan hasi eta errepikatzen dutenak. Zehazki, matrikulazio kanpainaren baitan jasotako matrikula kopurua 100dik gorakoa da eta 18 taldetan banaturik daude. Ehun horietatik, gutxi gora behera, erdia Lizarrakoak dira 10 talde osatzen dituztelarik, eta beste erdia, 8 taldetan bereizita, Izarbeibarrekoak. Azken hauek herri ezberdinetan egiten dituzte topaketak; hortaz, Garesen, Utergan, Mañerun, Mendigorrian eta Ziraukin aurki dezakegu jende euskalduna euskaraz aritzeko elkartuta.

Orokorrean taldeak ordubetez elkartzen dira astelehenetik ostiral bitarteko arratsaldetan, ordu eta taberna ezberdinetan. Honek, bakoitzaren prestutasunera edo ordutegira moldatzea errazten du, baina ez da nahikoa. Arrazoi honengatik eta aurretik esandako guztiagatik, egitasmo honetan parte hartzeko gonbidapena luzatzen dugu, matrikula epea ikasturte osoan zehar zabalduta dago eta! Ez pentsatu “ze polita den kalera irten eta euskara entzutea!”, “ZE POLITA DEN KALERA IRTEN ETA EUSKARAZ ARITZEA!” oihukatu.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena