Martxoaren 28an Lizarran egitekoa zen Bardoen finala atzeratu egin da

Nafarroako Bertsozale Elkarteak bi urtean behin antolatzen du “Bardoak” lehiaketa, Nafarroako taldekako bertso txapelketa, hain zuzen ere. 2012an antolatu zen lehen aldiz eta 2020koa bosgarren aldia da.

Bertsozaleen web orrian, bertsozale.com-en, aurkezteko diotenez: “Nafarroako bertso eskolen sarea indartzea du helburu. Bertsolaritza beste modu batera lantzeko aukera ematen du proiektuak, bertsolari eta bertsozaleen harrobia sustatuz eta gune berrietan eraginez. Tokian tokiko taldeak osatu eta saioak antolatzen dira auzolanean. Bi urtetik behin antolatzen da, bakarkako txapelketarekin txandatuz.

Aurten 13 talde izan dira guztira, horien artean Lizarrako Bertso Eskola, dagoeneko hirugarren aldiz txapelketa honetan.

Lizarrako Bardeak Bardo-taldea

Nafarroako herri, haran eta hirietan zehar, urtarriletik martxora bitarte hainbat bertso saio burutu da, lagunarteko giro ederrean. Horietako bitan parte hartu du Lizarrako Bardeak izeneko taldeak, horixe baita taldeari jarri dioten izena. Iruñean Barañaingoekin batera eta Lizarran, Gure Geroa Elkartean, Leitzarrekin.

Tamalez, koronabirusaren hedapenari aurre egiteko hartutako neurriek ekitaldi publiko gehienak bertan behera utzi behar izatea eragin dute ordea, eta Bardoetako finala ez da salbuespen. Beraz, finala atzeratzea erabaki du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Egoeraren aurreko ziurgabetasuna dela eta, ezinezkoa da une honetan data berririk zehaztea. Era berean, ekitaldi horietarako aurreikusitako herriak mantentzeko asmoa du antolatzaileak.

Finalerako sarrera erosi dutenek aurreragoko datarako gorde ahal izango dute, edo bestela, erositako puntuan bertan itzuliko zaie dirua. www.bertsosarrerak.eus atarian erosi dutenekin Nafarroako Bertsozale Elkartea jarriko da harremanetan.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena