A zer kaka nahastea!

Irudia: MichaelGaida, Pixabay

Zakar poltsa hartu, etxetik atera eta edukiontziaren ahoak irensten ditu sortzen ditugun hondakinak. Bertara bota eta lur azpian desagertzen zaizkigu. Baina, materia ez omen da ez sortzen, ez desagertzen. Nonbait gorde eta nolabait kudeatu behar dira eragiten ditugun hondakin tonak. Zaldibarko hondamendiak parean jarri digu errealitatea, edukiontzian desagertzen zaigun zabor ikusezin horrek eta industrian sortzen diren hondakinek bi langile hil baitute.

Gaur egun gizarte bezala, eta bereziki industrian, sortzen dugun hondakin kantitate izugarria egoki kudeatzeko modurik ez dago. Zentzu komunak dio hondakinek sortzen dituzten osasun zein logistika arazoei irtenbide erreala emateko modu bakarra produkzio zein kontsumo eredua aldatzea dela. Baina, zer egin bitartean? Egun badaude mahai gainean proposamen desberdinak:

  • Iraupen luzeagoko produktuak ekoitzi, iraungitze programatua ekidinez.
  • Birziklatzea sustatu eta hondakinen tratamendu arduragabea zigortzen duten neurri ekonomikoak hartu.
  • Berrerabiliak izan daitezkeen eta birziklagarriak diren produktuei bultzada eman.
  • Administrazioetatik hondakinen kudeaketa-kontrola areagotu.
  • Gizartearengan hondakinen kudeaketaren auziarekiko kontzientzia piztu.

Gai hau Lizarraldera ekarrita, aipatzekoa da 3 zabortegi dauzkagula bertan. Lehenengoa, Karkarren kokatuta dago, jabetza publikokoa, etxeko hondakin eta hondakin komertzialak biltzen ditu gehienbat, nahiz eta zenbait arrisku gabeko hondakin industrial ere onartzen dituen. Bigarrena, Vianan, jabetza pribatukoa eta arrisku gabeko hondakin industrialak biltzen dituena, 2018 arte amiantoa ere onartzen zuen. Azkena, Alloko paper fabrikak daukan zabortegi propioa.

Datu batzuk ematearren, 2018an 3.272.193 tona hondakin sortu zen Nafarroan. Hauetatik %70 zulaketa lanetan sortutako hondakinak, %16 arrisku gabeko hondakin industrialak, %11 etxeko hondakin eta hondakin komertzialak eta %3 eraikuntzari lotutakoak. Lizarraldeko biztanle bakoitzak urtero 436 kg hondakin sortzen du eta kopuru honen %51 birziklatzen da.

Ezin aipatu gabe utzi Iguzkitzako lohien gaia. Arena enpresak ingurugiroa eta osasun publikoa babesteko neurririk betetzen ez duela iritzita, baimenak bertan behera daude epaitegien ebazpenaren zain. Lohien tratamendu prozesuak metal astunak sortzen ditu (Kadmioa kasu) ingurugiro, animali eta pertsonen osasunerako kaltegarriak direnak. Gainera, lohiak kudeatu nahi dituzten gunean Ega ibaira doazen lur azpiko errekak igarotzen dira, arriskua handituz. Horrez gain, lohien tratamenduak haizea ere kutsatzen du gas toxikoak sorraraziz, Zaldibarko zabortegian suteek eragin zutenen antzekoa.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena