Lizarraldeko euskal komunitatea? E pur si muove!

Lizarraldea. Deio mendia.

Deierriko Lagunartean elkarteko urteroko aldizkarian argitaratu berrian azaldutako iritzi artikulua:

Lizarraldeko euskal komunitatea? E pur si muove

Krisia dela eta ez dela, urteak dira jada aitzakia horrekin maila guztietako administrazioak diru poltsak txikitzen, murrizten eta gutxitzen ari direla. Batzuek diote erakunde publikoak ez direla eraginkorrak, merkatu askeak bakarrik egin dezakeela bideragarri eta arrazoizko zerbitzuen kudeaketa. Horrela, osasuna, hezkuntza, kutxak eta aberastasun publikoa, hedabideak edota oinarrizko gizarte zerbitzuak pribatizatzera iritsi dira.

Halaber, horren babesle direnek diote diru faltaren aurrean bide bakarra dela gastuak murriztea; ezin garela “gure aberastasunaren gainetik bizi” eta “ahaleginak eta sakrifizioak” egin behar ditugula etxeko kontuak koadratzeko.

Ez dakit, ez naiz inolaz ere aditua gai hauetan, are gehiago, ezer gutxi dakit. Baina, erranen nuke zerbitzu publikoek ez dutela zertan errentagarri izan. Erranen nuke baita ere Gizarte Zerbitzuak, Hezkuntza, Osasunbidea… oinarrizko giza eskubideak aitortzeko sortu ditugula. Oinarrizkoak dira eta unibertsalak behar dute, horretan datza eskubideak aitortu eta bermatzea. Bertzela, zer dira? Karidadea? Eredu ekonomiko hau edo honen kudeatzaileak ez badira gai eskubide hauek bermatzeko, irtenbidea ez da eskubideak murriztea.

Iritzi artikulua nire lan-eremura ekarriko dut orain eta galdera planteatu: euskara jakitea eta erabiltzea eskubidea al da Nafarroan? Aitortua ez bederen. Euskara erabiltzeak behar badu eskubide izan, hiru faktore ezinbertzeko ditu: erabiltzeko gaitasuna, nahia eta aukera. Azter ditzagun bada hiru faktoreok, bakoitzarentzako paragrafo bat, ez gaitezen neka:

Gaitasuna. Guraso guztiek izan behar dute aukera haien seme-alabek euskarazko murgiltze ereduan ikasteko. Helduek ere euskara ikasteko eskubidea izan behar dute euskaltegietan. Doan, etxetik gertuen eta unibertsal, bertzela ez lirateke eskubide.

Euskara ikasteko eskubidea: Villatuerta eta Arandigoien
(Villatuerta -errepidez bestaldean- eta Arandigoien -alde honetan-)

Nahia. Ikasteko aukerarekin ez da nahikoa, bai gurasoek zein helduek euskara ikasteko eta erabiltzeko motibazioa behar dute eta euskararen prestigiatzearen bitartez etorriko da hori: motibazio pragmatikoak berreskuratuz eta kulturalak indartuz.

Aukera. Euskara dakigu eta erabili nahi dugu. Zer falta zaigu? Hain zuzen ere Espainiako Konstituzioak hirugarren artikuluan gaztelaniari aitortzen diona euskarari aplikatzea: nafarrok euskara jakiteko beharra eta erabiltzeko eskubidea izatea. Poliki bada ere, zergatik ez?

Zuek juzgatu zein den gako hauen betetze maila baina nahiko argi dago eskubidea aldarrikapen hutsa dela gurean. Gure hizkuntzarekiko dagoen eta izan den ezinikusia, gure krisia, ez da orain 6 urte sortu, aspalditik dator. Ikusi bertzela orain bortz mende Beinat Etxeparek Kontrapasan euskarari buruz errandakoa: “Lengoagetan ohi inçan/Estimatze gutitan”.

Baina pozik egoteko motiboa ere badugu, kasu bertzela datu honi: 1991an Lizarraldean %8k ulertzen genuen nolabait euskara, eta %4k ongi menderatu. 2011an %27 gara ulertzeko gai eta hauetatik %11 ongi hitz egiten dugu. Galileok hala erran omen zuen: “E pur si muove”. Esaldia gurera ekarriz, horrela osatuko nuke: eta hala eta guztiz ere, euskal komunitatea mugitzen ari da.

Eta hala eta guztiz ere, mugitzen da

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena