Lizarrako Udalak euskara ikasteko bekak eskainiko ditu aurten

2013ko euskaltegiko barnetegia

(2012/2013 ikasturteko Lizarrako euskaltegiaren barnetegi arrunta Lekarotzen)

Lizarrako Udaleko 2013ko aurrekontuak hiru alderdiren artean adostu dituzte, gobernuan den UPN eta PSN zein Nabai. Azken honen proposamenaren harira aurten 7.000 euroko beka izanen da Lizarrako euskaltegiko ikasleendako. Euskal Herri osoan ohikoa den jarduna azkenean ere Lizarrara iritsi da, gure inguruan adibidez Deierri eta Garesko Udalek euskara ikasteko bekak eskaintzen dituzte. Aurtengo bekak 2012/2013 ikasturtean euskara ikasten aritu diren ikasleei bideratuta daude eta uztailaren 15etik 30era zabalduko da deialdia.

Beka eskatu ahal izateko ondoko dokumentazioa eraman beharko da: ikastaroa ematen duen entitatearen ziurtagiria, matrikularen ordainagiria, ikaslearen banku libretaren orrialdea kontu korronte zenbakiarekin eta, langabetua bada, Gizarte Segurantzaren Altxortegi Orokorrak ematen duen lan-bizitzaren ziurtagiria.

Jaso daitekeen diru laguntzarik handiena 250€koa izanen da, edota matrikularen %50a. Beka jasotzeko baldintzak: 16 urtetik goragokoa izatea, Lizarran erroldatuta izatea eta klasera %80ko asistentzia izatea. Horretaz gain, eta diru kopuru mugatua denez, lehentasuna izanen dute hurrenez hurren: aurrena diru-laguntzarik jasotzen ez duten langabetuek, ondotik diru-laguntza jasotzen duten langabetuak eta azkenik bertze hiritarrak (baldin eta ez dauden bertzelako euskalduntze planetan sartuta).

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena