Lizarrako herri inauterien antolatzaileak Udalarekin kexu

Herri inauterietako antolatzaileak (inauterien batzarrak, 95eko kintoak eta Festagiro inauteri batzordea) kexu agertu dira Lizarrako udalarekin. Igorritako prentsa oharrean jaso bezala, hainbat arrazoik eraman dituzte kexa adieraztea.

Batetik, egindako eskaerei erantzun ez izana: “azaroaren 30ean aurkeztu (…) ziren instantziak. Hilabete geroago, Udalaren aldetik erantzunik jaso gabe, udaletxera behin baino gehiagotan joatea erabaki zen“.

Bestalde, azkenean kultura zinegotziarekin bildu ahal izan ziren eta orduan jakin zuten ezin zela Lizarra pilotalekua erabili. Horrek ondorio kezkagarriak ekar zitzakeen, izan ere, batetik bertan eginen da 600 lagunendako bazkaria eta, bestetik, hainbat ekitaldi bertan eginen lirateke baldin eta eguraldi txarra balego.

Badirudi otsailaren 3ko herri bazkarirako baliatu ahalko dela Remontibal frontoia, baina ezin izan da hurrengo asteburuko inauteri koloretsuen “mozorro lehiaketa, txokolatada eta inauterietako dj-a egiteko” B-planerako lekurik lortu. Hortaz, eguraldia euritsu balitz, ekitaldi horiek bertan bertan behera gera litezke.

Horretaz, gain, euriaz babesteko bestelako lekuez gain, Udalari honako lanak bere gain hartzeko eskatu zaio: (1) Lehen aipatu bezala, inauteri koloretsuen hainbat ekitalditarako badaezpadako leku estali bat, (2) Herri inauterien bazkarirako Remontibaleko Pilotalekuan zorua babestek lonak jartzea eta kentzea,  (3) inauteri koloretsuen zezensuzkoaren gastua edo, zenbateko hori inauterien aurrekontu handitzera bideratzea (inauterien batzordeak dio dirulaguntza hori ez dela nahikoa hiru egunetarako aurrekonturako) eta (4) “Udaletik zabaltzea Lizarrako eta Lizarraldeko pertsonaia mitologikoak ezagutarazteko Festagirotik prestatu diren bideo didaktikoak“.

Gainera, lehen aipatu bezala, ezinegona eragiten du erantzun ofizialik jaso ez izana (urtarrilaren 25era arte bederen) eta oraindik ere dirulaguntzaren gehiena jaso ez izana. Hori dela eta, jarduerak egin ahal izateko dirua aurrera egin behar izan du Batzordeak.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena