Hiritarren euskararekiko estimua nahikoa beharko luke, bizilagunen hizkuntza eskubideak nahikoak beharko lukete, data hauetan aldarrikatzen den hurkoarekiko begirunea nahikoa beharko luke … baina UPN-rentzako hau dena ez bada nahikoa, Udalak udan onetsitako euskararen ordenantza betetzeagatik bada ere, arautegia aintzat hartu eta euskarazko zorion mezua jarri beharko zukeen Foruen enparantzan.

Hau posible izateko ezinbestekoa izan da jende anitzen inplikazioa, izenik aipatu gabe, hona hemen batzuk: bonbilladun “zorionak” eskaini zigun herria, berau garraiatzeko ezinbestean ibilgailua jarri zuena eta honen gidaria, elektrikariak, ideia otu zitzaiona, gazteak oro har, txokolateaz arduratu zirenak, ahoz aho sekretua zabaldu zutenak, egunean bertan telefonoa sutan utzi zutenak guatxap eta mezuekin, etorri ezin baina lagunari mezua luzatu ziotenak, babes instituzionala eman zuten zinegotziak, pizteko momentuan txalotu zutenak urduritasunak aldenduz … eta ahazten diren horiek ere, hauek denak gabe, ezinezkoa zatekeen egindakoa egitea.
Doala hemendik zorionak eta urte berri on bero bat denoi eta bereziki, tartalari eta arrantzaleei! Animo!

Hemen duzue Olentzerok eta Maridomingik, bonbiladun zorionak-ekin batera ekarritako mezua:
OLENTZERO: Arratsaldeon lagunok! Zer moduz zaudete? Zuen hiri eder hau urtero atsegin handiz bisitatzen badugu ere gaurkoan bezperan etorri behar izan dugu MariDomingik eta biok. MARIDOMINGI: Eta zer dela eta? Galdetuko diozue zeuen buruari. Bada, Olentzeroren laguntzaileek mezu kezkagarria helarazi zigutelako Erauletik: hain zuzen ere Lizarran hitz bat lapurtu dizuetelakoa.
OLENTZERO: Genio txar batek “Zorionak” hitza lapurtu digu Foruen enparantza eder honetan, bai. Eta hala izanik, nola ospatuko ditugu senideen urtebetetzeak? “Zorionik” gabe, nola txalotu lagunaren jardun ona? MARIDOMINGI: Eta, nola laburbildu hitz bakar batean bizitzaren goxotasunean zaudela, “Zoriontsu” hitzarekin ez bada? Nola hasiko dugu urtea ezagun, adiskide, bikote eta senideei, gure maiteei, “Zorionak” opatu gabe? OLENTZERO: Maridomingik eta biok ez dugu ulertzen zer dela eta ostu nahi izan duten zoriona Lizarrako gune sinboliko honetan. Euskararen, gure hizkuntzaren hitz guztiak dira ederrak eta denek dute bere tokitxoa euskaldunon mingainean. Dena den, eta hitz bat lapurtzekotan, zergatik ez “xenofobia” izan, ala “ustelkeria”, “ezinikusia”, “bazterkeria”, “txirotasuna” edo “arrazakeria” ostu? MARIDOMINGI: Olentzero, nik badut hitz bat bihotzean ezin kabitu dena, hitz guztien oroz gaindi dena, eta ez litzaidakeena batere inportako lapurtzea eta zazpi giltzapean gordetzea, Pandora kutxa mitiko ezin ireki batean behin betiko ezkutatzea. Hitz hori, Olentzero, “gorrotoa” da. OLENTZERO: Bai, egia, gainera egun seinalatuak dira hauek Maridomingi, eta ezin diegu opatu Lizarrako gure lagun, senide, ezagun eta maite ditugun guzti horiei lapurtutako zoriona. Hori dela eta gu, Olentzero eta MariDomingi, “Zorionak” hitza berreskuratzera etorri gara, bihotz oneko lizarratar guztion poztasunerako, hemen duzue “zorionak” MARIDOMINGI: Kiosko honek eskaintzen digun talaia pribilegiatu honetatik, dena delakoa izanik ere zuen pentsaera, sexua, adina, azaleko kolorea, identitatea, erlijioa, bihotz onekoa izan ala ez … Zorionak eta urte berri on lizarratar guztioi! |