Liburu gomendioa Marko Migliaccioren eskutik: Alaba, Gotzon Garate. ELKAR, 1984
Jon Garai 80ko hamarkadako eleberri beltza baten detektibe klasikoa da, eta istorio zirraragarria kontatzen digu lehen pertsonan. New York-en gerta zitekeen, baina Donostian, Bilbon eta Plentzian gertatzen da. Amerikako ingelesez idatzita egon zitekeen, baina Gotzon Garate filologia irakaslearen euskera zehatz eta aberatsean dago idatzita. Bond neska gazte eta ezin ederragoak ager zitezkeen.. eta agertzen dira, baina euskal izen-abizenak daramatzate. Generoaren konbentzioak errespetatu egiten dira: gaiztoak, oso gaiztoak dira; aberatsak oso aberatsak; dirua pezetatan kontatzen da, eta istorioa erritmo bizian doa protagonistaren gogoeten artean. Eta azken finean, polizia-eleberri on guztietan bezala, gizakien natura baino ez da benetako gaia.