Kiko Escobarren eskutik, MENDI-JOAK, Aingeru Epaltza. ELKAR, 2017
Aingeru Epaltzak liburu honetan bere ibilbideko hirugarren ipuin bilduma eskaintzen digu. Oraingo honetan hamar ipuin eskaintzen dizkigu eta horien arteko hari nagusia euskaldunen gaineko topiko bat da: mendizaletasuna.
Baina Mendi-Joak liburuko ipuinak ez dira mendiari buruzko ipuinak bakarrik. Mendiaren aitzakiarekin, edo, hobe esanda, mendira joateko gogoaren atzean, pertsonen arteko harremanak kontatzen dizkigu: familiaren arteko harremanak, genero eta sexualitate ezberdinak, urteetan aitzina joaten diren lagunak, belaunaldi arteko aldea, eta abar luze bat. Bai, Aingeru Epaltzak, mendia aitzaki, gai zabalaz hitz egiten digu.
Oso kontatzaile trebea da Epaltza, eta ipuin hauetan horrela erakusten digu. Mendizaletasunaren grinak tirabirak sortzen die pertsonaiei senideekin, lagunekin, maitaleekin… Mendi-giroan gizartearen sentimenduak agertzen dira: bekaizkeria, norgehiagoka, koldarkeria… pertsonaiengan zauriak eragiten dituztenak. Liburu honetan ez baitago mendiaren begirada erromantikorik, gizarteari eragiten dioten grina makurrak baizik.