Jada badakigu zein den aurtengo lehendabiziko sariduna. Bere izena Maialen Camino Elizagoyen da eta 30 urte ditu. Lizarran bizi den baztandarra irakurzalea den arren, aitortu digu maiz ez duela nahi bezain bertze astirik irakurtzeko. Liburutegira sarri joaten da, bere hitzetan, aukera zabalagoa dago bertan eta liburuak maileguan hartuz irakurtzea oso forma ekonomikoa iruditzen zaio. IGBO programa AEK-ren bitartez ezagutu zuela azaldu digu bertan ibili baitzen lanean, eta ordutik urtero parte-hartzen saiatu da. Aurten Uxue Alberdiren “Jenis Joplin” liburuarekin parte hartu du. Urte batzuk baditu ere ikaragarri gustatzen zaio, izan ere, uneoro jakin-mina mantentzen duen liburu horietakoa da eta ordu gutxitan irakur daiteke.
Garean Euskaldunon Elkartearen IRAKURRI, GOZATU, BERTAN EROSI eta OPARITU (IGBO) kanpainak aitzinat darrai, eta ez nolahai, kanpainak jada 15 urte bete baititu. Gogoratu ekainaren amaierara arte Lizarrako liburu-dendetan deskontu-txartelak erabiltzeko aukera dagoela: Clarín, Dragon Comics, Ekolore eta Ino. Animatu eta parte-hartu, oraindik bertze sari bat dugu banatzeko!