Korrika 18 Batzordeak Lizarran eta Garesen. Korrika 18-ren inguruko informazioa.

Korrika Bartzorde irudia
Lizarrako Korrika Batzordea ospatu zen joan den ostiralean; bertan 16 lagun bildu ziren Lizarrako hainbat eragile, eskola edota talderen ordezkari. Askok jakinen duzuen moduan, aurtengo leloa “eman euskara elkarri” dugu eta omenduak aldiz euskara ikasten ari diren ikasleak (Lizarraldean eta Izarbeibarren 230etik gora aurten). Bileraren dinamizatzaile izan genituen eskualdeko Korrika Arduradunak eta bertan hainbat puntu jorratu ziren:

-Laguntzeko erak.
-Korrikaren datak. Lizarraldetik eta Izarbeibarretik noiz pasako den.
-Korrika Kulturala.
-Korrika Denda.
-Kilometro salmenta eta Korrika Laguntzaileak.
-Hurrengo Batzordea, Lizarran: urtarrilaren 18an, ostiralarekin. 18:00etan Lizarrako euskaltegian (edozein laguni zabalik)
-Hurrengo Batzordea, Garesen: urtarrilean baina data zehazteke dago oraindik.

Korrika martxoaren 14an abiatuko da Andoainetik eta 24an Baionan amaituko da, hamar egun beraz. Lizarraldetik eta Lizarratik martxoaren 15eko gauean pasatuko da, ostiralarekin (ordua zehazteke dago oraindik), eta gau horretan bertan Izarbeibarrera eginen du. Martxoaren 19an ere, asteartearekin, Lizarraldeko mendebaldean ibiliko da Korrika (Urantzia, Azedo eta Zuñiga inguruan).

Bestetik, Korrika Denda (arropa eta bestelakoak) izanen da Lizarrako euskaltegian Korrika bertatik igaro arte. Euskaltegiko klaseak eta lana ez oztopatzeko dendarako ordutegia finkatu da ere: astelehenetik ostiralera 11:30etik 13:00etara eta 17:00etatik 18:00etara. Euskaltegiko ordutegiarekin batera, Lizarrako Gothyka dendan ere baduzue arropa salgai (Sorkunde Garbiaren pasealekuan, 58. zenbakia). Amaitzeko, ostegun honetan, abenduak 20, Korrika materiala kalera aterako da.

Lizarran zein Garesen ez da Korrika material guztia izanen; Katalogoan dagoen zerbait bertan ezin bada topatu beste bide batzuk dituzue eskuratzeko. Batetik, Iruñean: San Anton kalea, 26 (Astelehenetik larunbatera 10:00-13:30 eta 17:00-20:30. Abenduaren 24 eta 31n baina, 10:00-13:30 bitarte); eta bestetik, Berria-ko Euskal Herriko Plaza webgunean topa dezakezue.

Korrika Kulturalean Euskal Herri mailako Lekukoaren Bila Ginkana ospatuko da. Bertan, Lizarraldean animatzen diren lagun eta koadrillekin 8 laguneko taldeak osatuko dira eta haien artean lehiatuko dira. Data finkatzeke dago baina martxoa baino lehen izanen da. Ondotik, Lizarraldeko talde irabazlea Iruñera joanen da Martxoan ospatuko den Nafarroako Lekukoaren Bila Ginkanara. Nafarroako txapelduna final handira pasatuko da eta berau Korrika bukaeran, Baionan eginen da. Animo!

Bestetik Korrika Laguntzailea oparitzeko momentu ona da ere, 12 euroren truke Euskal Herri osoko 250etik gorako denda eta zerbitzutan beherapenak eskuratu ahalko dira; haien artean Lizarraldeko eta Izarbeibarko 12 negozio edo zerbitzutan: 5 kanpin, hotel 1, liburudenda 1, arropa-bitxi denda 1, fisioterapia zentro 1 eta bidaia agentzia 1). Euskal Herri osoko Korrika Laguntzaileen katalogoa ikusteko klikatu hemen; eta Korrika Laguntzailea eskuratzeko pasa zaitez euskaltegitik.

Korrikaren prestaketan lagundu nahi duenak bide asko ditu parte hartzeko. Batetik, euskaltegitik pasa eta kontaktu zerrendan izena eman, sortuko diren lanetarako abisatu ahal izateko, bigarrenik, hurrengo Korrika Batzordera etorri (Lizarran urtarrilaren 18an, ostiralarekin, euskaltegian 18:00etan, Garesen urtarrilean ere baina eguna zehazteke). Bestetik, aste honetan 17:00etatik 18:00etara eta astelehenetik ostegunera, “Korrika publibiak” plastifikatuko dira leku ikusgarrietan jarri ahal izateko. Norbaitek interesa izanen balu Korrika iragartzen duen publibia bat nonbaiten paratzeko, jar dadila harremanetan euskaltegiarekin.

Korrikarekin zerikusia duen edozertarako Lizarraldeko Euskaltegiarekin harremanetan jartzeko bideak: lizarra@aek.org e-posta, eta 948 552 406 zein 607 613 837 telefonoetan. Izarbeibarko Euskaltegiarekin aldiz, gares@aek.org e-postan eta 606 999 072 telefonoan.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena