Katalina Eleizegiren figura eta obra ezagutarazteko herri ekimena

Lizarratar talde batek Katalina Eleizegiren figura eta ondarea ekarri nahi du herritarren gogora. Besteak beste, Lizarran bizitzaren parte luze batean bizi izan zen antzerkigilea izan zen eta, hain zuzen ere, Ega ondoko hirian eman zuen bizitza ez zen xamurra izan halako ezaugarriak zituen emakume batentzat. Frankismo betean euskal antzerkigintzan aitzindaria izatea eta baita bide-urratzailea emakume aske izateko prozesuan ere. Euskara eta feminismoa bidea partekatzen.

Bere figura ezagutarazteko eta goraipatzeko, herritarrei zein Udalari zuzenduriko hainbat proposamen dituzte:

  1. Lizarrako Udalari kale baten izena Katalina Eleizegiri eskaintzea proposatzea.
  2. Bere heriotzaren 60. urtemugaren harira antolatu diren ekitaldiak aurkeztea: Urriaren 6an, ostirala, “Lizarran bizi izan zen idazlearen aparra” hitzaldia Amaia Alvarezen eskutik (EHUko irakaslea), 19:00etan Fray Diego Kultur Etxean. Urriaren 27an, berriz, 19:00etan Udal liburutegian “Etorkizuneko ahots bat iraganean” antzezlana Ines Bengoa ipuin-kontalariarekin eta Iosu Lizarraga soinujolearekin
  3. Herritarrei beren memoria berreskuratzeko deia egitea. Oraindik bizirik dagoen jendea egongo da, gogoratuko duena, bere obra antzeztu duena edo, agian, dokumentazioren bat gordeko duena.
  4. Izapideak abiatzea hainbat erakunderekin, haren obra osoa bilduko duen liburu monografiko bat argitara dadin saiatzeko.

Gehiago jakin nahi duzu? Bada, wikipedian artikulu aparta duzue eta, gainera, herri ekimenekoek ezin hobeki azaltzen dute:

Katalina Eleizegi antzezlanen idazlea izan zen. 1889an jaio zen, apirilaren 6an, Donostian, eta Lizarran hil zen 1963ko azaroaren 19an. Aurki 60 urte beteko dira hil zenetik eta efemeride honek ekimen hau martxan jartzera animatu gaitu.

Eleizegik irakasle ikasketak egin zituen Burgosen. Tituludun lehen maistretako bat izan zen, baina ia ez zen inoiz horretan aritu. Familiak ematen zion errenta batetik bizi zen, eta horrek idazteko aukera eman zion. Virginia Woolfek zioen emakume batek, idazteko, errenta bat eta gela bat behar zituela, eta Eleizegik, zalantzarik gabe, baldintza horiek zituen.

Ez zen ezkondu, nahiz eta hori izan garai hartako emakumeen helburu nagusia. Haurrik ere ez zuen izan, hortaz, ez zuen garaiko rol femeninoa bete. Irakasle izateko ikasi zuen eta antzerkia idatzi zuen; XX. mende hasierako emakume batentzat ezohikoak ziren jarduerak.

Gaztetan asko bidaiatu zuen eta ondo ezagutu zuen Euskal Herria. Bere bizitzaren bigarren erdia Lizarran eman zuen, apenas etxetik mugitu gabe, azken hogeita zazpi urteak, hain zuzen ere; gerra zibila hasi zenetik Chapitel kaleko 1. zenbakian alokairuan bizi izan zen etxean hil zen arte.

Ega hirira etorri zen klima lehorrago baten bila, umetatik arnas arazo kronikoak izan baitzituen. Eleizegiren beldurra asmaren ondorioz hiltzea bazen ere, hirurogeita hemeretzi urterekin hil zen, 1963ko azaroaren 19an, injekzio batek eragindako erreakzio alergikoaren ondorioz.

@Wikipedia, Gotzon

Bere anaia Jose eta Maria Luisaren seme-alabak, edo Josefinaren ilobak Lizarrara joaten ziren bisitan eta ipuinekin hartzen zituen. Helduekin hitz egiten zuen, bere iloba Miguelek esaten zuen bezala, solaskide oso ona eta atsegina izanik, eta beti zuen zerbait kontatzeko, oso jakintsua baitzen. Josefinaren iloba Ricardo Zufiaurrek honela gogoratzen du: “Oso hezia eta maitekorra zen aldi berean, ilea motots batean bilduta zeraman eta lodia zen. Bere ahotsa larria zen eta beti afonikoa“.

Euskal antzerki modernoaren ama izan zen, aitzindaria, baina gaur egun erabat ezezaguna da. Bere lanetan emakumeak dira protagonista. Amaia Alvarez Uriak, bere obrari buruzko tesi baten egileak, adierazi du idazten dituen emakumeak «pertsona osoak, askeak, beren kabuz erabakitzeko gaitasuna dutenak, gizonaren baimenik eta aholkurik gabe. Garaiko eredu klerikal eta nazionalistarekin bat datozen jokabideak nagusitzen dira; baina, bestetik, emakumeak tradizioan zuen papera eta lekua erakusteko disidentzia moduko bat agertzen da“.

Lau lan argitaratu ditu: Garbiñe (1916), Donostiako Euskal Jaietako sariaren irabazlea; Loretti (1917); Gaine eta Yatsu (1934). Lizarran bizi izan zen garaian hiru lan idatzi zituen, eta horietako bat ere ez dago argitaratuta, besteak beste, Katalina Erausori buruzko lan bat. Hiru ekitaldiko drama historikoa da, eta Etxeko Zerbitzuan antzeztu zen (Emanaldi bakar haren argazki bat gordetzen da). Lan hau idazlearen ondorengoek gordetzen dute eskuizkribu batean: azal urdinezko koaderno batean.

@wikipedia, Sant Telmo museoa

Ezin dugu ahaztu moja alfereza bera bi urtez bizi izan zela Lizarran. 1585ean Donostian jaioa, gizon bat bezala janztea eta bizitzea erabaki zuen emakume errebelde honek bi urte eman zituen Ega hirian. Bertan, Alonso de Arellano izeneko herriko kapare baten morroi gisa moldatzea lortu zuen. Katalinak bi urtez zerbitzatu zuen bere etxean, 1602 eta 1603 artean.
Eleizegi euskal literaturako historia askotan aipatzen da, baina gutxi aurkituko dugu bere lanak izan zuen garrantziari buruz, eta seguruenik estellar gehienek ez dakite ezer berari buruz, nahiz eta bere bizitzaren erdia baino gehiago hemen bizi izan zen.

Donostiako Udalak bere izena duen kale bat jarri zuen 1996ko otsailaren 19an. 1994an, omenaldia egin zioten Azpeitian, XII. Antzerki Topaketak. Berriz argitaratu zuten beren lehen lana, arrakasta handiena izan zuena, Garbiñe. Hamar urtean hamar aldiz antzeztu zuten drama historiko hori, eta oso goraipatua izan zen bai kritikaren aldetik, bai ikusleen aldetik, antzeztu zenean.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena