Igandean XL. Garesko laia lasterketa ospatu zen Garesen

Igandean, XL. laia lasterketa ospatu zen Garesen, piper eta artisautza feriaren barruan. Goiz goizetik piper errearen urrinak herriko kaleak hartuak zituen, eta bisitari ugari hurbildu ziren piperrak erostera eta artisautza azoka eta laia lasterketa ikustera. Kale Nagusian, Laien historiari buruzko panelek jakinmina piztu zuten jende artean. Halaber, Iñaki Moneo artisauak laia-kirtenen tailerra egin zuen, eta ondoan zegoen mahaian, herrikoek eta bisitariek apostuak egin zituzten ea nork asmatzen zuen laia baten pisua.

11:30ean, Nafar Laiariak elkarteak X. urrezko laia eman zion Gares Energiari (ikus testua), eta oroigarri xume bat egin zitzaion Gloria Gazteluaren familiari, urte askotan zehar laia lasterketaren alde Gloriak emandako laguntza eskuzabalagatik.

13:30ean, laiarien hasierako desfilea egin ondoren, Ordearen dantza egin duten laiari beteranoek, eta laiari txikiek lanabesen gaineko trebezia erakutsi zuten herriko plazan. 14:00etan, kale Nagusian, XL. laia lasterketa hasi zen. Bertan 56 laiarik parte hartu zuten, gizonezkoek eta emakumezkoek. Nesken kategorian Miren Lanbertok lehenengo postua erdietsi zuen. Bigarren eta hirugarren postuak Sote Aierra eta Ainhoa Cresporendako izan ziren, hurrenez hurren. Gizonezkoen kategorian, Kikin Bañales artaxoarrak irabazi zuen eta bigarren eta hirugarrenean postuak Ander Ollok eta Igor Orbegozok erdietsi zituzten, hurrenez hurren.

Sari guziak tokiko produktuak izan ziren: piperrak, potxak eta ardoa. XL. Edizio honetan Nafar Laiariak biziki eskertu zuen Garesko udalaren eta Garesko komertzioaren laguntza laia lasterketa egin ahal izateko, baita XL. urteurren honetan parte hartu zuten laiari eta kolaboratzaile guztiei ere.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena