Karlismoaren erakusketa iraunkorra berritzen: Ele biz eta eduki berriak

Karlismoaren museoa hiru eremu bisitagarri nagusitan banatuta dago: Sotoan museoa gordetzen duen eraikinaren historia dago (Gobernadorearen Jauregia), lehen solairuan aldi baterako erakusketak antolatu dira, eta bigarren solairuan erakusketa iraunkorra.

Aldi baterako erakusketek botere politikoaren araberako kolorea izan dute, eduki zein hizkuntza irizpideen aldetik, eta gutxi gorabehera urtez urte berritu dira: 2010etik 9 aldi baterako antolatu dira.

Museoak baina, sortzez, bi kexa nagusi jaso ditu herritarren aldetik. Kexa hauek erakusketa iraunkorrari eragiten diote batez ere: Batetik, 1939tik aurreragoko Karlismoaren historia jaso gabe duela (Diktaduran Karlismoak egin zuen ibilbidea eta Jurramendiko 1976ko gertakariak) eta, bestetik, euskararik ez zela erakusketa osoan.

Honela, Nafarroako Gobernuko Kultura sailak erakusketa iraunkorra berritzeko deialdia atera du eta bertan jasota geratu dira hainbat zehaztapen. Batetik, edukiei begira, erakusketa iraunkorreko 8. eremua berrituko da (Espainiako II Errepublika eta Gerra Zibila), bi eremutan banatuta (8.a eta 9.a) eta hiru eremu berri gehituko dira, hauetan karlismoaren 1939etik 1977rako historia jasoko da (10, 11 eta 12 eremuak).

Bestalde, Pleguaren 4.1.4. atalean “Ele bitasunaren ezarpena (gaztelania-euskara)”ren nondik norakoak zehazten dira: Proposamenak Nafarroako Foru Erkidegoaren hizkuntzari dagokion arautegiarekin bat egin behar du eta erakusketa iraunkor osoari eragingo dio, gaur egun dagoenari zein eginen den zabalpenari. Halaber, “osagai guztiei eragingo die, testu erakoak zein audiobisualak, salbuespenik gabe“. Azkenik, “adierazkortasun, ikusgarritasun eta garrantzi bera” emanen zaie bi hizkuntzei, bietako bat ere ez dadin menpean egon.

Aspaldiko eskaerak biak ala biak, kontratua esleitu eta 30 hilabeteko epean burutuko liratekeenak. Zorionak.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena