Istiluak Vianan lau kale izen “hizkuntza arrotz” batean errotulatu eta gero, baliteke?

Istiluak
(Vianako istiluak lau kale ingelesez errotulatu eta gero … baliteke?
irudia Zuzeu albistegitik hartuta
)

Orain gutxi Vianan 4 kale ele-biz, euskaraz eta gaztelaniaz, jarri izanak polemika piztu du bertako UPNren ahotik, hemen artikulu bat, beste bat eta momentuz azkenekoa dena. Bertako UPNren hitzetan “herritarrek ez dute eskatzen” eta horri ondoko baieztapena gehitu dio “nazionalismoak Vianan %8a ordezkatzen du“. Kopuru horrek baina, nazionalistena, jakin mina sortu eta apur batean sakondu nahi izan dugu.

Herriko Udalbatzaren banaketa ondokoa da: PSN-k 5 zinegotzi eta alkatetza, UPN-k 4 eta Nabai2011-k 2. Azken hauteskundeen emaitzei so eginda: 2011ko orokorretan euskal abertzaleek %15,77 eskuratu zuten, urte bereko udal hauteskundeetan %16,1 eta Nafarroako hauteskundeetan %17,5. Abstentzioa kontutan hartuta ere, %8ko abertzaleen kopurua ez du bat egiten abertzaleek jasotzen dituzten bozekin. Hortaz, beste norabait begiratu behar.

Vianako Udaletxea
(Vianako Udaletxea, Wikipediatik hartutako irudia)

Miquel Gros I Llados-ek 2007an Euskaltzaindiaren Jagon sailean argitaratutako “Recuperación del euskera en Navarra” liburuan topatu dugu erantzuna. 2001eko erroldaren arabera, Vianaldeko biztanleen %8 vascófono-ak dira eta Vianako %8,1 (hau da, euskara ulertzeko gai dira). Hortaz, “nazionalismoak Vianan %8a ordezkatzen du” horrek, egitan beste zerbait esan nahi zuen, euskaldunak Vianan %8a dira (2001eko datuetan) eta euskalduna nazionalista da, markatuta dago, ez da neutroa erdalduna bezala.

Honek eraman gaitzake pentsatzera Begoña Sanzberro UPNko Kontseilari eta legebiltzarkidea, Gorka Maneiro UPyD-ko legebiltzarkidea edo Amaya Zarranz PP-ko legebiltzarkidea euskal abertzaleak ditugula. Ezkutuan ongi gordea zuten bada!

Bestelako harribitxiak ere utzi dizkigu Vianako alderdi eskuindarrak: ziurrenik banaketa eta elkarbizitza zein gatazka arazoak eraginen ditu (lau kale!), eta “udal honen lehentasuna lanpostuak sortzea eta hiritarren arteko elkarbizitza hobetzea da” kasu. Hortaz, errandakoei erreparatuta: euskaldunak nazionalistak gara, gure hizkuntza lanpostuak sortzearen aurka doa eta “kalea” hitzak elkarbizitza suntsitzen eta gatazkak sortzen ditu.

Egunkarietako albisteetan, irakurleen iritzien atalean, ondokoa irakurri dugu eta informazio osagarria delakoan bertara ekarri “Vianako biztanleriaren herena vascófona da (gazteei buruz ari da) eta eskola publikoan ere A eredua ezarri dute. UDAL haur eskolak 5 urte daramatza ele-biz errotulatuta eta ez da inor kexatu. Hamabi urte dira jaietako egitarauak bi hizkuntzetan editatzen direla eta ez da ezohikoa herri honetan euskarazko jarduerak ikustea“. Azkenik, Vianalde euskalduna ezagutzeko ezinbesteko bi webgune: Erentzun Ikastola eta Errioxako Ika (hemen Mantible aldizkariaren azken alea).

Aurreko artikuluaTxokolipuinen saio ederra atzokoa, 36 haur hurbildu ziren.
Hurrengo artikuluaBertso afaria Lizarran, argazki-kronikatxoa eta bideo laburrak.