Irrintzi Txapelketa abaroan: momentikoak

Orain zortzi urte abiatu zuen Gareanek festetako Irrintzi Txapelketa eta, hortaz, honakoa VIII. edizioa izan dugu. Berez, txapelketa xumea eta laburra dena, ordubete inguru, beti parte hartzailea eta intentsoa izaten da, euskal oihu ezagunaren modukoa. Tarte motz horretan gauza asko gertatzen dira, eta honat ekartzen dizkizuegu haietako zenbait.

Lehen unea txapelketaren aurrekoa da, Loretori, orain arte txapela bitan jantzi duen bakarrari egindako elkarrizketa. Iaz ere txapeldun, hemen ikus-entzun dezakezue bere irrintzia, aurten ezin izan du parte hartu. Baina hitz eder eta goxoak utzi zizkigun atzean, bere sentsazioak eta sentipenak, zaletasuna nondik datorkio, nola trebatu da, urduritasuna… eta nola ez, baita bitxikeriren bat edo beste.

Elkarrizketa irakurtzeko, klikatu gainean eta irudia handituko da.

Aurtengo beste une berezi bat txapelketaren erdian izan genuen. Iaz arte Jesus Etxabarriren irrintziarekin gozatzeko aukera izan genuen. Urterik urte ez zion hitzorduari kale egiten eta, beste parte hartzaileek ez bezala, berak irrintzi bakarra botatzen zuen: ohorezko irrintzia. Aulki gurpildunetik jaiki, laguntzarik gabe mikrofonora hurbildu, tente-tente, ohorezko irrintzia bota eta atzera berriro. Tamalez, ordutik hona zendu egin da, eta Gareanen bere familiari omenaldi xumea egin nahi izan diogu, Jesusek ohorezko irrintzia bota ohi zuen unean bere seme-alabei ohorezko txapela oparitu diogu.

Eta, jakina, une zeharo berezia izaten da txapelduna iragarri, sariak eman eta ohorezko irrintzia botatzeko unea. Hemen duzue Isabelen ohorezko oihua:

 

Azkenik, aurtengo txapelketaren argazki galeria hemen ikusgai:

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena