Irriherri elkartearen prentsa-oharra, PAI Villatuertan

Irriherri elkartea

Azken hilabeteotan hainbat udalerritako eskoletan PAI programa ezartzeko prozesuan daude, haien artean Villatuertan eta Garesen. Hori dela eta Irriherri euskara elkarteak prentsa-oharra zabaldu du bere “harridura eta kexa” adieraziz. Gai honek sortzen dituen kezken eta zalantzen eredu ditugu aste honetan izanen diren bi hitzaldi (gaztelaniaz biak). Bata, gaur bertan Garesko eskolako informatika gelan, 17:30ean: Nafarroako hezkuntza ereduak eta programak. Atzo, gaur eta bihar. Sortzenek gidatuko du hitzaldi-debatea. Eta bigarrena, datorren ostegunean Lizarrako Maria Vicuña Gaztelekuan, 17:30ean ere, Paula Kasares soziolinguistaren eskutik, gurasoen zalantzak argitze aldera tailer-hitzaldia eginen da.

Gai honek jendartean sortzen duen eztabaidaren eredu, PAI eredua Garesen azaltzeko Nafarroako Gobernuak hango eskolan egindako bileraren albistea Garesko Auzalan webgunean (azken hau ere gaztelaniaz).

Irriherriren prentsa oharra

Irriherri elkartetik, Villatuertan PAI-ren berehalako ezarpenaren aurrean gure harridura eta kexa azaltzen dugu.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak hezkuntzarekin esperimentatzen jarraitzen du, inolako argitasunik gabe ingelesa sartzen saiatuz, hau guztia euskararen eskaeraren gorakada eragotzi nahian. Eredu hauek ez dute helburu argirik, hauen eraginkortasuna ikusteke dago eta emaitzak ez dira argitaratzen. Irakasleria ez dago prestatua, ingelesa ikastearren oinarrizko ikasgaien edukiari (mate, ingurune) uko egiten zaio. Pedagogiari uko egiten zaio. Argi dagoena, Ikastetxe askotan benetako eskaera D eredua dela. Hala ere, Ikastetxeak eremu mistoan edota ez-euskaldunean egotean, Nafar Gobernuak beste alde batera begiratzen du.

Nafar Gobernuak bere ereduak inposatzen ditu, kaltetutakoak kontsultatu gabe. Villatuertan, Lizarrara (D eredura) desplazatzen diren 30 haur daude, zenbat desplazatzen dira ingeleseko eredura? Nafar Gobernuak egiten dituen aldaketa hauek, gure herrietan izugarrizko eragina dute: haurren deslokalizazioa gehituz, egunero kilometro asko eginez, honek dakarren arriskuarekin eta hezkuntza kalitatea gutxituz.

Nafarroako Gobernuari, bere irizpidea inposatu baino lehen, prozesu honetan inplikaturiko alderdi guztiak kontsulta ditzala eskatzen diogu.

Villatuertan 2013ko urtarrilaren 25ean

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena