Astero irakurketa-aholku berria IGBO kanpainaren eskutik. Hala, antolatzaileek Lizarraldeko hainbat irakurzaleri galdetuko diote zein den haien liburu-gomendioa eta zergatik. Oraingo honetan bi dakargu:
Eider Caballeroren eskutik, GARI ETA GOROLDIOZKO: Anari Alberdi Santesteban
Anari Alberdi azkoitiarraren “Gari eta Goroldiozko” liburua irakurtzeko plazerra izan dut. Esan beharra dago, lehen aldia dela izaera honetako idatzi baten aurrean nagoela, baina ez nuen bestelako narraziorik espero artista honen partetik. Idazleaz gain, musikagile eta poeta baita Anari eta liburua ezaugarri honen menpeko dela esango nuke.
Kapitulu ugariz osatua, bakoitzean lehengo pertsonan bizitako pasarte motzak aurkezten ditu, detaile osoz deskribatuak. Liburu honek konplexutasunik badu, esaldi eta lerro bakoitzaren interpretazioan datza.
Irakurtzeko denboraz larri gabiltzanontzat primerakoa dela uste dut, noizean behin liburua ireki eta kapitulu bati ekiteko, behin eta berriz irakurrita ere xehetasun berriak aurkitzen baitira.
Lucia Oteroren eskutik, BASA Miren Amuriza
Izenburu labur horretan biltzen da eleberri trinko honen mamia: emakume baserritar adinekoaren estereotipotik aldendu eta pertsonaia bere gordinean aurkeztu digu idazleak, batere idealizatu gabe. Irakurri ahala, ez dakizu Sabina gorrotatu ala maitatu egin behar duzun. Animaliekin soilik samurtasuna erakusten duen andre horrek bere bizitza gobernatu nahi du baina zaintza lanek harrapatuta daukate; baina, adi, zaintzailea eta zaindua familia bereko kideak dira.
Miren Amurizak hiztegiarekin jolasteko duen trebezia eta erabiltzen dituen esamoldeak dira gehien gustatu zaizkidanak. Gomendagarria oso, bikaina.