Irakurketa kanpainaren barruan, bi liburu-gomendio berri: Regino Etxabek Garazi Arrula Ruizen LURRAZ BESTE, eta Onintze Arrastiak Toti Martinez de Lezearen ILARGIAREN ALABA.
ILARGIAREN ALABA, Toti Martínez de Lezea
Zugarramurdiko sorginen ehiza du ardatz eleberri honek. Egun batetik bestera, herriko emakume batzuk Inkisizioaren aginduz atxilotuak dira. Sorginak direlako zurrumurrua zabaldua zen herrian, antza denez, maltzurkeriak egiten dabiltzan emakumeak direla. Madalenen ama sorginkeriaz akusatua izatean erabakiko du protagonistak haren bila joatea, etxera bueltan ekartzeko.
Historiako gai zinez interesgarria ukitzen du idazleak istorioan, protagonista gazte baten azalean. Garai horretan egin ziren injustiziak erakusteaz gain, emakumeen askatasunaren eta naturaren inguruan hausnartzera eramaten gaitu, eta nola hori mehatxu bat bezala ikusi izan zuten garaiko eliteek. Oso entretenigarria da istorioa, lehenengo momentutik harrapatu eta amaierara arte arnasik gabe uzten zaituen horietakoa. Adin gazteko jendeari gomendatzen diet haren irakurketa.
LURRAZ BESTE, Garazi Arrula Ruizen
Garazi Arrula Ruiz idazle tafallarren azken liburua dugu Lurraz beste (Txalaparta, 2023), bere bigarren liburua, Gu orduko hauek 2017an argitaratu ondoren.
Helduentzako ipuin-liburua da, eta ipuin-bildumetan ohikoa izaten den bezala, pertsonaiak, egoerak eta kontakizun desberdinak agertzen zaizkigu. Baina zenbait osagai amankomunak ere bai: denak Iruñeako auzoetan kokatzen dira, eguneroko bizitzan girotuak (familia kontuak, lana, harreman pertsonalak), aunitzetan bakardadea sumatzen da, gure gizartearen ezinegon definiezina…
Ipuinetako pertsonaien barne-gatazkak, arrakalak eta zauriak ez dira agerian, baina irakurleak bilatzen ditu edo sumatzen ditu lerro tartean Garazik uzten dituen zantzu ia ohartezinetan. Azkenean, benetako literaturan maiz gertatzen den bezala, irakurleak bere barne-gatazkak, arrakalak eta zauriak lerro tartean “irakurtzen” dituelako.