Nafarroako 200 gizarte eragilek eskatu dute euskararen ofizialtasuna

Joan den apirilaren 20an, Nafarroako Parlamentuaren aurrean egindako agerraldian, 200dik gora gizarte eragilek euskararen ofizialtasuna eskatzeko adierazpenarekin bat egin dute. Besteak beste, Lizarrako Pentsionistak Martxan, Oteitzako Arrano Elkartea, Irantzu euskara zerbitzua, Garean euskaldunon elkartea, Mugitu, Deierriko Kontsumo Taldea, Festagiro, Gora Lerin Kultur Elkartea, Gure Hizkuntza Elkartea eta La Bota Elkartea. Abenduaren 15ean ekin zitzaion sinadurak bilketari, Euskararen Nafar Kontseiluak 2022ko irailaren 16an onartu zuen euskararen ofizialtasunaren gaineko adierazpenean oinarriturik.

Datozen asteotan bi hitzordu izanen dira: maiatzaren 6an elkarretaratzea Tafallan eta 13an Iruñean, Baluartetik 12:00etan hasita manifestazioa.

ADIERAZPENA

200dik gora gizarte eragile gatoz elkarrekin euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadila eskatzera. Nafarroako gizarte askotariko eta konplexu honetan sektore desberdinetan eta ikuspuntu diferentez aritzen garenak: kohesio eta justizia sozialaren arloan, kulturgintzan, astialdian, hezkuntzan, hedabideetan… Oso gutxitan gurutzatzen garen berrehundik gora eragile, kasu askotan elkarren berri apenas izan gabe. Nafarroako jendartearen lagin esanguratsu bat, nolabait.

Baina oraingoan elkarrekin gatoz, arestian esan bezala, euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadila eskatzera. Hau da, Nafarroako milaka biztanlek lurralde eremu osoan herritartasuna berdintasunez, bazterkeriarik gabe, bizitzeko aukera izan dezatela galdegitera. Izan ere, autoa hartu eta Lekunberritik Iruñera doan herritarrak nola ulertuko du 30 kilometroko ibilbidean aurrera egin ahala eskubideak galduz joatea? Beste edozein eskubiderekin ulerkaitza dena, nola gerta daiteke milaka herritarren hizkuntza eskubideekin?

Ofizialtasun estatusa, eskubideak, errekonozimendua –edo, alderantziz, eskubide murrizketa eta galarazpenak– ez baitira hizkuntzenak, baizik eta haiek gorpuzten dituzten, haietan bizi diren, haietan diren, herritarrenak. Ez gara gauza abstraktuez ari, baizik eta milaka lagunen eguneroko hautu eta bizitzetan eragina duten kuestioez. Esate baterako, Nafarroako edozein herritan bizita ere norberaren seme-alabek euskaraz ikasteko aukera izateaz. Ofizialtasunak ez dio inori eskubiderik kentzen; ez dituenari aitortzen dizkio. Ofizialtasuna ez da ateak ixteko giltza bat, ateak zabaltzekoa baizik.

Horregatik, hauteskunde bezperan gauden honetan, hurrengo Nafarroako Parlamentua osatuko duten alderdiei indar bereziz eskatzen diegu ofizialtasunaren eskaria har dezatela aintzat, jar dezatela beren ildo, egitasmo eta jardunbideen erdigunean. Ekar dezatela berdintasuna Nafarroara. Hain zuzen ere, oinarrizko eta erdiguneko auzi bat delako: gizarte kohesioari, justizia sozialari eta bizikidetzari eragiten diona. Eskaera hori zuzenki helaraziko diegu indar politikoei, datozen egunetan abiatuko dugun bilera sortaren bidez. Finean, gizarte kohesioan, justizia sozialean eta bizikidetzan sakontzea nafar guztien mesederako delako, ez bakarrik euskaldunen eta euskara ikasi nahi dutenen onerako. Denentzako da, Nafarroako gizarte osoarentzat, ofizialtasuna onuragarri. Ofizialtasuna ez baita ateak ixteko giltza bat, zabaltzekoa baizik.

Eta horren lekuko gara hemen bilduok, hasieran esan bezala, 200dik gora gizarte eragile: sektore ugaritakoak eta ikuspuntu anitzekoak. Baina denok ere, euskarari ez ezik, gizarte kohesioari, justizia sozialari eta bizikidetzari bultzada bat eman nahian; milaka nafarren bizitzak bizigarriago egin nahian. Ofizialtasunaren bidez berdintasunari atea zabaltzeko irrikaz. Hala bedi!

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena