Ipuin laburrak Onintzeren eskutik: “5 hitz”

Kotarro zorioneko da kolaboratzaile berria duelako taldean. Kotarro aldizkariaren azken zenbakian aukera izan genuen “5 hitz” testu ederra irakurtzeko. Atal berri horren protagonista Onintze Arrastia Mauleon (2004, Arellano) idazle gaztea izanen da, eta berak idatzitako ipuinak.

Onintzeri txikitatik datorkio bai idazteko afizioa, baita irakurtzekoa ere. Azken hori amaren partetik etorri dela esan daiteke, amaren familian oso errotua egon baita beti zaletasun hori. Ipuinak bere kabuz idatziz hasi zen lehendabizi eta gerora lehiaketetan parte hartu izan du. Hala, Ager Vasconum gazte literatura lehiaketan saria irabazi du 2018, 2021 eta 2022 urteetan eta Urruzuno literatur lehiaketan 2021. urtean.


5 hitz


Bortz minutuko azalpena entzun eta bortz pausu ematen ditu neskak eserita dagoen eserlekutik mikrofonoaren pareraino. Eskuak izerditan, eztarria hitzez pilaturik; halaxe aurkitzen da ehunaka begi iltzaturik sentitzen dituen neska hura.

Zer ari ote dira pentsatzen begi horiek guztiek? Arrotzegia egiten zaio bat-batean egoera hura, eta Euskaltegiko bigarren pisuko klase hartan pentsatzen hasten da nahi gabe, hango berotasuna eta aire-freskagarriak girotutako usaina faltan botatzeaz bat. Ordea, hotzikarak dira oraingoan sentitzen duena, eta ez daki zerk eragiten dituen: urduritasunak ala emozioak?

Nolanahi ere, beranduegi da horretan pentsatzeko, gibelera egiteko. Hemen da bera, ausart eta gogotsu, ezkutuan daraman ahots kritiko eta artistiko hori ateratzear.

Bortz segundo behar ditu korapilatuta dituen hitzak deskorapilatzeko, begirada lurrerantz zuzenduta eta eskuak bizkarraren gibelean loturik. Badirudi tenoreak geldiune bat egin duela, neskari arnasaldi bat hartzeko aukera eskaini nahiko balio bezala.

Ideia bat du buruan, eta ideia horri forma emanen dion zerbait ari da bilatzen bere adimen mugagabe horretan. Hitzen doinua, silabak eta errimak ditu dantzan, eroturik, eta bakoitza dagokion lekuan jartzeko saiakera egiten du.

Mundua kantatu nahi du, bere barnean nahiz kanpoan ikusten dituen munduak: bata kolektiboa, bertzea indibidualagoa; baina biak publiko berari zuzenduta. Bere nahi hori betetzen hasten da lehenengo bortz hitzak ahoratzen zaizkion momentuan, eta segidan botatzen ditu, begirada aitzinerantz zuzentzearekin batera.

Nora goaz eta nondik gatoz?

Publikoko lehen ilaratik ikusten dudan neska hark bide luzea du oraindik egiteko, baina luzeagoa da begitartean islaturik antzematen zaion ilusio eta esperantza.

Onintze Arrastia

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena