Igandean Bearinen Potxin eta Patxin pailazoen “Ingurumena zaindu eta errespetatu”

Datorren igandean, irailaren 5ean, 18:00etan Bearingo elkarteko plazan: Potxin eta Patxin pailazoen “Ingurumena zaindu eta errespetatu” emanaldia.

Potxin eta Patxin artistek ingurumenari buruz hausnartzera gonbidatuko gaituzte. Antzerki, mimo, malabare, jolas eta elkarrizketaren bitartez bizitzaren ohitura onen berri izango dugu.

Mugikortasunari buruzko esketxa landuko dugu, ikastetxera joateko garraio mota desberdinak aipatuz; hamaiketakoan janari fresko eta osasungarriak eskainiko dizkigute potekoen ordez; urak duen garrantzia eta erabilera egokiaz arituko gara; jolasen bidez birziklatzen ikasiko dugu, gai bakoitza dagokion ontzian sartuz; trafiko seinaleak ikasiko ditugu… Hau da, goizean jaiki eta oheratu bitarteko zereginetan lagunduko digute, gutxiago kutsatuz, zikinduz, ingurumena gutxiago kaltetuz…

Materialen erabilera zuzenari buruz solastuko dira. Ordezkatu, murriztu, berrerabili, birziklatu eta berreskuratu hitzak gauzatuko dituzte. Saio dinamiko eta dibertigarri bat eskainiko digute, elkarrizketa eta jolasen bidez helburua lortuz.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena