Iban Zaldua idazlearekin izan ginen Estellerriko Irakurle Klubaren azken saioan

Estellerriko irakurle klubak egin ohi duenez, denboraldiko azken saiorako idazlea edota itzultzailea gonbidatzen du, eta oraingoan Iban Zaldua donostiarra izan zen gure artean. Aztergai izan genuen liburua Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak izan zen, idazleak argitartu duen azkena, hain zuzen. Berak hainbertze maite duen ipuingintza generoan kokatzen da, eta oraingoan 32 narraziok osatzen dute liburua. Eta dudarik gabe erraten ahal da Gasteizen bizi den egileak bertze maisulan bat karrikaratu duela, fikzioaren besta handia baita liburua: askotariko gaiak, bukaera ezin landuagoak, ekintzen lotura bikaina, destilazio eredugarria pertsonaien eraikuntzan, alferrikako edergarririk gabeko hizkuntza, oreka polita zientzia-fikzioko narrazioen eta errealistagoak direnen artean, baita narraitzaile ezberdinen erabileran ere. Finean, liburu ederra, batez ere literatura onak hain berea duen fikzio inteligentearen bila doan irakurlearendako.


Saioaren lehen ordu erdian, Iban solastu zen, eta zinez eskertu nahi dizkiogu gurera ekarritako argitaratu gabeko bi kontu; alde batetik, bere-berea duen halako dekalogo gozagarri bezain zorrotza ipuingintzaren inguruan; eta bertzetik, oraino akitu gabe —eta, jakina, argitaragabe— duen ipuin bat. Zer erranik ez, ederki asebete gintuen Zalduak literatura analizatzeko duen gaitasun bereziak.

Eta bere sarreraren ondotik, klubeko kideok aukera izan genuen gure iruzkinak egiteko, eta egileari nahi genituen galderak, zalantzak eta argibideak eskatzeko. Saioa, beti bezala, motz gelditu zen, eta liburutegia itxi ondoan, erreka ondoko ostatu batera joan ginen solasari bide luzeagoa eman nahian. Eta bertan ere aukera izan genuen ipuin-liburua pixka bat gehiago eta bertze lasaitasun batekin zukutzeko, eta bertzelako kontuez ere solasteko. Esker mila aunitz Ibani eta bertaratu zineten guziei! Urrian berriz ere elkartuko garelakoan, uda on!

 

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena