Haize berria dator Oteitzako inauterietara

Oteitzatik ere entzuten dira izaki mitikoen ahotsak. Jende ugari hurbildu zen urtarrilaren 28an herriko inauterietara. Aste hauetan inauteri zaleentzat ia astebururo dago aukera herriren bateko mozorro-festan parte hartzeko, bakoitzak baditu bere berezitasunak.

Bertako herri inauteriak antolatzeko batzordean iaz sartu ziren Miriam Arrondo, Tomasa López, Aitziber Alegría, Ioanna Adrian, Idoia Arrondo eta Ana Martinez de Eulate. Aurtengoarekin, beraien bigarren urtea izan da antolatzaile moduan, nahiz eta inauterietan betidanik hartu duten parte.

Noiz eta nola sortu ziren Oteitzako herri inauteriak?
Oteitzako herri inauteriak 2015. urtean sortu ziren, herrian euskal kulturarekiko sumatzen genuen hutsunea bete ahal izateko. Oteitzan ez zegoen D eredurik, ezta euskal-napar nortasuna adierazten zuen beste ezer. Beraz, Larragako joaldunak eredutzat hartuta, mozorro batzuk prestatu eta Larragakoekin trukatzea erabaki zen (gu haien herrira joatea eta haiek gurera). Horrela poliki-poliki hazia hazten joan zen, Oteitzako Arrano Kultur Elkartea sortuz.
Herri bakoitzak baditu bere pertsonaia eta istorio bereizgarriak. Oteitzan ere hala al da? Zeintzuk dira?
Bai. Oteitzak ere baditu bere izaki propioak, eta baita euskal mitologiako pertsonaia esanguratsuen egokitzapenak ere: Gardatxo, Behorra, Artabakoitz, Erroak, Lamiak, Turtumendiko Mari, Ikazkinak, Perratzaileak, Momotxorroak eta Sorginak beste askoren artean. Gure Inauterien berezitasunak Galo aldaparen jaitsiera eta pertsonai guztiak batzen dituen istorioaren antzerkia dira. Hala ere, egun osoan zehar hainbat jarduera daude: Kantuz, Dantzak, Hamaiketakoa kiroldegian eta, egunarekin amaitzeko, afari herrikoia.
Zein da Lizarraldeko beste herriekin duzuen harremana? Oteitzara etortzen dira, zuek ere beste herri batzuetan parte hartzen duzue…?
Larraga, Lizarra eta Sartagudako inauteriekin oso harreman estua daukagu. Bakoitzak baditu bere data finkoak, horrela ez dugu egunik zapaltzen eta ilusio handiz parte hartu dezakegu guztietan. Horretaz gain, Ontzineda egoitzan eta Remontibaleko D ereduko inauterietan ere parte hartzen dugu urtero.
Urtetan zehar herri inauteria aldatuz joan da. Aurrera begira, zein da ikusten diozuen etorkizuna?
Hasi ginenetik asko aldatu dira jada. Partaidetza askoz handiagoa da, 2022an herriko 136 lagunek jantzi zuten mozorroa, Larraga, Sartaguda, Bargota eta Lizarrako jendeaz gain. Pertsonaia berriak sortzeko gogo handia daukagu. Aurten, adibidez, familia berri bat aurkeztuko dugu, laugarren elementua: Haizea. Eta etorkizunerako nahiak, egun polit hau ospatzeko gogoa ez galtzea, datozen belaunaldientzako eredu izatea eta etorkizunean antzezlan osoa euskaraz egin ahal izatea dira.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena