Onintze Arrastia Mauleon (2004, Arellano) idazle gaztearen hitzekin gozatuko dugu Kotarro aldizkariko atal honetan, berak idatzitako ipuinen bitartez. Txikitatik datorkio idazteko afizioa, irakurtzeko afizioarekin batera. Azken hori amaren partetik etorri dela esan daiteke, amaren familian oso errotua egon baita beti zaletasun hori. Ipuinak bere kabuz idatziz hasi zen lehendabizi, lehiaketetan parte hartzea erabaki zuen arte. Ager Vasconum literatur lehiaketan saritua izan da 2018, 2021 eta 2022 urteetan eta Urruzuno literatur lehiaketan 2021. urtean.
Kotarro aldizkariaren 61 zenbakian argitaratu zuen bere lehen ipuina guretzat, eta horrek eman dio izena atal berri honi: 5 hitz. Kotarro 63 honetan, hirugarren alea: «Sugarren dantza».
Sugarren dantza
Ez dago hotzik sugarren ondoan, ez eta iluntasunik ere. Sugarren ondoan biltzen dira pertsonaia aunitz, kantu eta dantzen artean barrezka. Ikuspegi zinez ederra eskaintzen dute guztia kanpotik ikusten ari garenon begietan. Inbidia pixka bat sentitzen dut, inoiz ez naizelako horren parte izan, eta ez naiz izanen.
Zer da haiengan hainbertzeko zoriontasuna eragiten duena? Jakin nahiko nuke.
Mozorrotzearen zentzua ere ulertu nahiko nuke. Badirudi bere burua transformatzen duela mozorro bat ipintzen duenak. Seriotasunetik zoramenera eta neutralitatetik alegrantziara egiten du bidea.
Askatasunaren sinbolo bihurtu baita mozorrotzea. Antza, bizitzako arazo eta kezkak tenore batez ahaztu eta aske sentitzean datza. Baina mozorroak berak ez du eragiten sentsazio hori, giroak baizik. Kolektibitate izaera dauka ospakizunak. Elkarrekin janzteak elkarrekikotasuna dakar, azken finean.
—Esto es un poco pagano— dio nire alboan gelditu den gizon batek.
Paganismoa. Konnotazio txarra eduki du hitz horrek historian zehar. Orain, ordea, zentzugabeak iruditzen zaizkit gizon haren hitzak. Jai pagano honek itxura ona daukala erran nahi diot, baina ez dut horretan tenorea galduko.
Horren ordez, gorputz dantzariei beha jarraituko dut gaurkoz, hurrengo batean haietako bat izanen naizela amesteaz bat.
Onintze Arrastia