«Gurerara», gure mundua eta bizitza gure erara aldatzea

Oskar Estanga (Gaintza, 1978) artistak «Gurerara» inprobisazio emankizun berritzailea du esku artean. Bi zentzutan inprobisatzen du: hitzez eta melodiaz. Estilo musikal desberdinen gainean inprobisatzen du, beti ere, oinarri urbanoari bati lotuta. Bertsolaritzako teknikak, kaletik jaso duen kultura urbanoarekin nahastu, eta entzuleengandik jasotzen dituen gaiekin sortzen ditu abestiak.

Nondik sortu zen bertsolaritza eta musika urbanoa uztartzeko ideia?
12 urteetatik aritu naiz bertsolaritzan (orain 42 ditut) eta musikan 16 nituenetik. Beti gustatu izan zait musikan eta musikarekin inprobisatzea. Bertso musikatuak egiten ibili nintzen urte askoz, jada bestelako kontutan nenbilen, baina konfinamentuak eta Euskadi Irratian kolaborazio bat egiteko aukerak sormenerako denbora asko utzi zidan eta aurretik jolasa bat zena plazarako proiektu bihurtu nuen.

Inprobisazioak ematen al dizu aukera momentuan barruan duzuna ateratzeko?
Momentuan daukaguna gure bizitza guztian dakarguna da. Momentuan emozio bat edo beste gehiago izango ditugu, baina orokorrean dakarguna ateratzen da. Askotan oso azkarra izaten da inprobisatzeko denbora, ez du aukera ematen ideiak nahi bezala lotzeko, baina duen edertasuna hori da, «tranpa» gutxi egiten uzten duela, beraz, dagoena ateratzen da nolabait.

Zure emankizunak, ikusleari zein ekarpen egin diezaiokeela uste duzu, bertsolaritzak ematen ez diona?
Bertsolaritzak molde bereziak ditu inprobisatzeko, zortziko handia, txikia… doinu zehatzak eta bertsoa bukaeratik hasita. Bertsolaritza ezagutzen ez duenarentzat atzetik dagoen lana ikustea zaila izaten dela uste dut batzuetan. Aldiz, kantuak denok entzuten ditugu, estribilloak, koplak… inprobisazio ariketa oso garbi ikusi dezake edonork kanta baten gainean. Gainera, emankizunean gauza batzuk entzuleen bistan egiten saiaten naiz, estribilloa sortu, ideiak aurreratu… Bertsolaritzako teknikan oinarritutako inprobisazio gaitasuna zabaltzen duela uste dut emanaldiak.

Eta musika urbanoak ematen ez diona?
Momentuan nahi dugun gaiei buruz kantatzeko aukera, musika urbanoko betiko rolak ere zabalduz, estiloen arteko uztarketa eginez… ikusten da estiloak baino, asmoak baldintzatzen duela kantu bat nola iritsi ahal zaigun.

Nola eragin du pandemiak zure jardun artistikoan?
Mugimendu libreko ekintzatan nenbilen azken aldian, hori izugarri moztu zen konfinamendu garaitik hasita, oraindik ere ez gaude jardun normalean. Emanaldi eta klase gehienak (denak ez esatearren) moztu ziren. Sormenerako eta ikasketetarako erabili dut tarte hau. Kultur munduko pertsonak ze baldintza exkaxetean gauden sormenerako erakusten du berriz egoera honek, ez badugu emanaldirik ez dugu sarrerarik eta… hala ere, pozik biziraun eta moldatu ahal izateagati.

Nola ikusten duzu euskal kulturaren egoera? Mota honetako berrikuntzak behar dituela uste duzu?
Berrikuntza ez da aukera bat, berezko prozesua baizik. Bertsolaritza ere berritzen ari da erabat, musika… Euskal Herria globalizazio prozesuaren barne barnean gaudelarik, «Euskal» zer den jakitea ere ez da gutxi… Sustraieta arakatuz baina batez ere nolako herria nahi dugun hausnartuz etagauzatuz ari dela uste dut, munduari irekia baina etxerako. Urte emankorrak datozela uste dut, gero eta sortzaile gehiago ari direlako gauzak egiten eta plazetara ateratzeko prest. Ea ba!

Bideo batean azaltzen duzu «Gurerara» gure mundua eta gure bizitza gure erara eraikitzea dela. Zer esan nahi duzu honekin?
Handik eta hemendik etengabe datozkigu bizi ereduak, nola bizi behar dugun, zer den zoriona (dela auto bat, etxe bat, edertasun irudi bat, diskurtso bat…). Horiek denak ea guretzako egokiak diren jakin behar genuke, hausnartu, bizi eta balio ez badigute, hobetu eta gure ekarpena egin. Bizitza eta kultura gure erara eraldatu, munduari gure ekarpena egiteko. Ez delako hainbeste zer, baizik zergatik eta nola.

«Gurerara» Villatuetan, abuztuaren 7an 20:00etan elizaren atzeko parkean

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena