Gau Beltzak bisita egin digu aurten

Topaguneak Gau Beltza Euskal Herrian berreskuratzeko proposamena zabaltzen dabil azken urteotan. Propio horretarako sortutako webgunean, oso ongi hornitua, honela azaltzen du: “Udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan, erritu ezberdinak egin izan dira Europa osoan. Baita Euskal Herrian ere. Urtearen heriotza, uzta bilketa, hildako senideen oroimena… barrura begirako ariketan jartzen gaitu urtaro honek. Aldi berean, iluntasunak eta heriotzaren gaiak elkar beldurtzeko jolasean aritzeko parada eman ohi digu.

Gurean ere badira kontakizunak, kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jartzen zirenekoak; bizilagunak beldurtu eta hildakoen arimei bidea erakusteko jarriak.

Bestalde, Lizarrako Mendizaleen Elkarteak, ikusita Halloween festa nola zabaltzen ari den geure haur eta gaztetxoekin, bestelako proposamena egin asmo zuen, bestelako festa, beste balore batzuetan oinarrituta: Urriak 31, ziria edo saria, bihurrikerien garaia Lizarraldean.

Aurten, tamalez, ezin izan da bere horretan gauzatu, pandemia garaiak ez ditu horretarako erraztasunak eman. Bai, ordea, proposamen xume bat egiteko aukera: familiek mendi buelta egitea eta Arimen Gaua, Gau Beltza, Domu Santu egunaren ideiarekin argazkiak atera eta partekatzea (horren adibide albiste hau ilustratzen duena). Eta motibatzeko, sari bat ere eskaini du Elkarteak.

Eta zuk, koittadu, ba al dakizu zer egin arima galduren batekin topo egitekotan? Joxemari Carrere ipuin kontalariak ederki azaldu ditu egin beharko zenituzkeenak: “Ezin zaiela zuka hitz egin hika baizik, eta aurretik joateko esan behar zaiela, bestela bizkar gainean igoko zaizkizuela; eta eskua luzatuz gero, trapu edo ohial bat jarri eskutan, bestela erre egingo zarete; eta batez ere, ondo gogoan hartu hau: EGUNA EGUNEKOENTZAT ETA GAUA GAUEKOENTZAT!

 

 

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena