Euskaraz ongi pasatzeko aukera «Hamar gutxitan plazan»: Lua Kanpion eta Maitane Rivero

Seiak hamar gutxitan zenbait haur eta guraso hurbiltzen hasi dira Santiago plazara. Ostirala da, eta ostiral guztiak bezala, euskaraz eginiko jolasak zein denbora-pasak dituzte esperoan. Gareanek antolaturiko «Hamar gutxitan plazan» izeneko ekimenak Santiago plaza hartu du zenbait hilabetez, euskara ardatz duen giro entretenigarri eta jostari batean.

Lua Kanpion eta Maitane Rivero begirale aritu dira ekimena tartean. Onintze Arrastearen artikulua.

Zergatik uste duzue garrantzitsua dela haurrek euskara espazio informaletan erabiltzea, eskolatik kanpo?
LUA: Haurrek ikusteko euskara ez dela bakarrik eskolako zerbait. Kalean eta jolasean euskaraz eginik ikusten dute euskaraz ez dela bakarrik ikasten eta eskolan hitz egiten, baita ere ongi pasa dezakegula euskaraz.
MAITANE: Txikia nintzenean hori gertatzen zitzaidan. Nire gurasoek ez dakite euskaraz, beraz, etxean gaztelaniaz egiten zen, eta euskaraz soilik eskolan. Eta gaur egun, amorru ematen dit kalean edo espazio informaletan euskaraz ez hitz egiteak.

Zer motatako jolasak eta jarduerak egiten dituzue plazan?
M: Nahiko jolas ezberdinak proposatu ditugu. Eskulanak, ur ginkana, herri kirolak, zirku eguna… Hainbat motatako jarduerak egin ditugu, beti ez errepikatzen saiatuz, eta uste dut ikusi egin dela; izan ere, ostiral guztietan haurrak oso animatuak hurbiltzen ziren jolas berria zein zen galdezka.

Zein adin-tarteko haurrak hurbiltzen dira gehien? Nola moldatzen zarete adin desberdinekin?
L: 5-10 urte tarteko haurrak ziren gehienak, baina 2, 3, 4 eta 11, 12 urtekoak ere izan ditugu. Guztiek jolastu ahal izateko jolasakegiten saiatzen ginen eta askotan bi talde egiten genituen, handien taldea eta txikien taldea, jolas ezberdin baina antzekoekin.

Nola egiten duzue haurrek euskaraz aritzeko aukerak eta motibazioa izatea?
L: Guk haiei beti euskaraz hitz egiten diegu, beraz haiek guri ere. Gaztelaniaz egiten badute guk euskaraz berdina esaten diegu, adibidez, «a que vamos a jugar» esaten badute, guk «zertara jolastuko gara?» erantzuten diegu.
M: Uste dut haur gehienak nahiko kontziente zirela euskarazko ekintza bat zela, beraz ia beti euskaraz zuzentzen ziren.

Zein dira aurkitzen dituzuen erronka nagusiak plazan euskaraz jolasteko orduan?
M: Haurrei dagokionez, askok eskolan euskaraz ikasi arren, nabaritzen da ez direla seguru sentitzen testuinguru informaletan hitz egiten —plazako jolasetan bezala— eta batzuetan gaztelaniara jotzen dute akatsak edo blokeoak saihesteko. Horrekin lotuta, nire ustez haur askok, ez dute jolas batean modu naturalean adierazteko hiztegi zehatzik, hau da, eguneroko ohiko esamolde informalak ez dakizkite, eta horrek zaildu dezake euskarazko komunikazioa jolasetan.

Gurasoen inplikazioak ba al du eraginik haurren hizkuntza ohituretan?
L: Bai, asko nabaritzen da noren etxean euskaraz egiten den, edo euskararekiko jarrera positiboa duten, eta noren etxean ez. Nabaritu al duzue haurren artean aldaketarik dinamika hasi zenetik? Hizkuntza-ohituretan edo parte-hartzean?
M: Bai. Alde batetik, hizkuntzari dagokionez, egunak igaro ahala uste dut haurrak gehiago saiatzen zirela pixkanaka-pixkanaka euskaraz hitz egiten bai gurekin, baita haien artean ere. Bestetik, parte hartzearen inguruan aldaketak eman dira baita ere. Haur gehienak oso partaide egon dira ostiral guztietan. Beste batzuk, jolasaren arabera joan eta etorri ibiltzen ziren. Ostiral batean agian 40 haur izaten genituen eta, hurrengo ostiralean 20. Edo 20 haurrekin hasten ginen ekintza eta 40rekin bukatzen genuen… Baina orokorrean, egia da jolasetan ibiltzen ziren haurrak oso partaide ikusi direla.

Zein da zuen ametsetako plaza bat hizkuntza ikuspegitik? Nolako espazio publiko bat irudikatzen duzue?
L: Nire ametsetako plazan bakoitza libre eta pozik sentitzen den hizkuntzan solastu eta jolastu dezake, azkenean, gure arteko errespetuan beti ulertuko gara.

Zuek, begirale modura, zer jasotzen duzue ekimen honetatik? Zer ikasi duzue?
L: Pertsonalki ikasi dut askotan haurrek gutxi behar dutela gero haiek bakarrik ongi pasatzeko, hau da, ailegatzen ginenean haur batzuk aspertuta ikusten genituen eta jolasak eta gero animatu egiten ziren lagunekin jolastera.
M: Alde batetik, ikasi dut euskara espazio informaletan erabiltzearen garrantzia. Izan ere, haurrak bere hitzekin mintzatzen saiatzen eta ausartzen dira, eguneroko egiturak naturaltasun handiagoz erabiltzen dituzte… Bestetik, pertsonalki, inprobisatzen ere asko ikasi dut, bat-batean euria hasi eta jolasak aldatu behar zirenean, edo 30 haurrentzako jolasa pentsatuta zenuenean eta 20 baino ez ziren agertzen, edo jolas bat ongi ateratzen ez zela ikustean eta aldatu egin behar zen… Oso gauza positiboak jaso ditut programa honi esker, bai haurrengandik, bai esperientziatik eta baita nire lankideengandik ere.

Egitasmoa: antolaketa, parte hartzea, finantzazioa eta etorkizun hurbila

Garean euskaldunon elkarteak antolatzen du plaza-jolasen dinamizazio hau eta Dindaiako begiraleek gidatzen dute. 2025eko udaberrian ekin zitzaion Lizarra Ikastolako eta Remontibal ikastetxeko D ereduko gurasoen ezinbesteko laguntzarekin. Hala, udaberrian 9 saio eskaini ziren eta urrian beste 4. Osotara 400 bat haur aritu dira plazan jolasean.

Finantziazioaren ikuspegitik, 3.000 euroko gastua izan du 2025ean, Gareanen kontura, eta bi finantzabide izango ditu euskara elkarteak: Euskarabidearen dirulaguntza eta elkarteko bazkideak. Gareanen erabaki zen Udalari finantzazioa ez eskatzea aurreikusita ez zuela diruz lagunduko, Udalak aurrekontuetan diru partida handitu ezean ez du egun laguntzen duena baino diru gehigo emango.

Neguko etenaren ondoren, Korrikarekin batera ekingo diogu plaza-jolasak eskaintzeari, martxoaren lehen hamabostaldian.

Aurreko artikuluaEuskararen memoria guneak: «Gure Hizkuntza»
Hurrengo artikuluaGabonak euskaraz familian: antzerkia eta zinema