Kotarro aldizkariko Euskararen memoria guneak Estellerrian atal finkoari 68. Kotarron (2024) ekin genion. Lehenbiziko ale hartan Bargagorria izeneko kokalekuari eta toponimoari buruz aritu ginen eta, hain zuzen ere, Bargagorria ezizenez idazten du gure kolaboratzaileak.
Atal honen asmoa da gure eskualdean euskarak utzitako aztarnak eta lekuak lotzea, euskararen memoria-lekuak identifikatzea eta poliki-poliki bertako euskaldun euskaltzaleen identitatea sendotzea toki fisikoak eta historia lotuz. Kotarro 73 honetan «Gure Hizkuntza» ezagutuko dugu.
Gure Hizkuntza
1978. urtea. Trantsizio garaia. Komunitate-aktibazio biziko urteak. Herriak behetik antolatzen zuen bere burua arlo askotan, besteak beste, euskara galdua zegoen eremuetan berreskuratzeko lanean.
1978. urtea. Lizarra. 1978ko urtarrilaren 22an, goizeko hamarretan, 18 lagun bildu ziren Lizarrako Círculo Católico elkarteko lokaletan, euskararen aldeko elkarte bat sortzeko asmoz.
Urte bereko otsailaren 13an, lehenengo batzarra egin zen, eta bertan 35 lizarratarrek erabaki zuten «Gure Izkuntza» izendatuko den elkartea eratzeko prozedurari ekitea». Bai, «Gure Izkuntza», h-rik gabe. Urtebete geroago, 1979an, Euskaltzaindiak, eztabaida-prozesu baten ondoren, euskal ortografian «H» hizkiaren erabileraren behin betiko arautzea ezarri zuen.
Hona lehen batzordekideen izenak: Andrés Irisarri, José Torrecilla, Enrique Arriaga, Andrés Vidaurre, Julio Arbizu, José Echeverria eta Andrés Basarte.

Elkartearen helburuak hasieratik argi eta garbi finkatu zituzten: euskara komunikazio-bide gisa garatzea Lizarran, euskal kultura sustatzea eta bazkideen betekizunak ezartzea. Betebeharren artean, «ser vasco-parlante» —bai, espainolez jatorrizko barne arauetako dokumentuan—. Baina hasierako kide fundatzaileen zerrenda irakurtzean, argi zegoen baldintza hori ez zela betetzen. Nolanahi ere, haietako aunitz, arian-arian, euskaldundu egin ziren, eta ikaragarri ahalegindu ziren hasierako helburu horiek erdietsi ahal izateko. Hortaz, Bargagorriren partez, bihoakie errekonozimendurik zintzoena.
Baina jarrai dezagun elkartearen historia txikiarekin. Dena oso azkar zihoan urte haietan: 1978ko otsailean, egoitza erosteko tramiteak hasi ziren, eta apirilaren 15ean egin zen lehenengo batzarra lokal berrian, Estudio de Gramática kalean, gaur egun mantentzen
den kokapen berean, Erdi Aroan latinezko gramatika estudiatzen zen karrika berean.
Hastapenetik, Gure Hizkuntza elkarteko kideek, euskara ikastez gain, hainbat jarduera antolatu zituzten (herri-kirolak, hitzaldiak, bertso-afariak, eta abar); halaber, euskal kulturarekin zerikusia duten zenbait ekimen bultzatzen dituzte (Santa Ageda eguneko bukaera, Korrika kulturala…). Elkarte honen paretak euskal komunitatearen babesleku izan dira, bereziki garai txarrenetan.
Gaur egun, 2025ean, bazkide berritze prozesu baten ondoren, Gure Hizkuntza elkarteak ongi jakin du garai berriei egokitzen, eta bide berriak urratuz, bizirik darrai. Zorionak, beraz, eta aunitz urtez!