Euskaraz ikasteko nahia eta agintariek sortzen dizkiguten ezinak. Argia aurrera! 20an Nafarroa Oinez Tuteran.

Argia Ikastola

Atzo Karlos eta Gari izan genituen Lizarran, Tuterako Argia Ikastolako gurasoa eta irakaslea hurrenez hurren. Badira Bagara dokumentalaren emanaldia eskaintzearekin batera Erriberako egoeraren berri eman ziguten pasadizoz hornituriko solasaldian. Argia zenbakitan zer den datu hotzen bitartez ezagutzeko: 200 ikasle pasatxo, 16 urte bitarteko euskarazko hezkuntza, 100 familiatik gora eta 20tik gora irakaslek osatzen dute komunitatea.

Dakigunez Nafarroako Erdialdearen gehiengoa eta Erribera osoa Eremu ez-euskalduna delakoan kokatu dute, hau da, eskubiderik gabeko eremu zabala dugu, 90.000 hiritar. Bertako haurren erdiak aukera bakarra dute euskaraz ikasteko, Argia Ikastola. Agintari askoren borondate politikoa dela medio, izan Nafarroako Gobernua izan udal mailakoa, trabak kontaezinak dira eremu horretan euskaraz ikasi nahi duenarendako. Ondoko lerrootan Garik kontatutako traba batzuk zerrendatuko ditugu eta, baita, Erriberan dagoen gozamenerako tartea ere.

Tuterako Ikastola

Tuterako Ikastola izendatu badugu ere, Argia Ikastola Fontellasen dago eta ez Tuteran. Eskola sortu zenean Tuteran zegoen bai, “vaquería” batean. Kontua da baina, eskola berriztatu nahi izan zenean Udalari eskatu egin zitzaiola lurzorua birkalifikatzeko, eskola modu ofizialean bertan izan ahal izateko. Erantzuna ezezkoa izan zen eta eskolak Fontellasera mugitu behar izan zuen, handik gutxira Udalak lurzorua birkalifikatu eta saldu egin zuen. Honen epe luzerako ondorio nabariena zera izan zen, haur eta gaztetxoen garraio gastua biderkatu egin zela. Ikastola Fontellasen badago ere, bertako ikasleak gutxi dira, gehienak Tuterakoak dira eta nahita ez hartu behar dute autobusa eskolara joateko, ez hori bakarrik jantoki zerbitzua ere nahitaezkoa bilakatzen da. Argia Ikastolako haur batek, 18 hilabete dituenetik, batez beste, urtean 4 aldiz emanen dio bira gure planetari. Honek suposatze duen ahalegin ekonomikoarekin, errepidearen arriskuekin eta familiaren denbora inbertsioarekin.

garraioa

Aurten, 16 urtetako 4/5 gaztetxok planteatu zuten ikasketekin Iruñean jarraitzea, ama bat prest azaldu zen haiekin batera pisu bat alokatzeko eta haiek laguntzeko. Ba al gara jakitun gure euskaraz ikasteko nahiak eta agintariek sortzen dizkiguten ezinen neurrien tamainaz? Nola liteke hau gertatzea eta gure artean ika-mika antzuetan aritzea?

Lehen erran bezala, Erribera osoa Eremu Ez Euskalduna delakoan dago, honek sortzen du Argia Ikastolaren baitan ematen den eskolatzea amaitzean, 16 urterekin, erdaraz jarraitu behar dutela ikasketekin edo, bestela, Iruñara joaten hasi. Eskualde oso erdaldun batean, guraso gehienak erdaldun eta ikasketak gaztelaniaz jarraitu behar … bada euskara maila nahikorik mantentzea? Garik adibide batzuekin azaldu zigun baietz, eredu biziak hor dituztela: unibertsitatea euskaraz egin dutenak, magisteritza kanpoan gaztelaniaz ikasi duena eta etxean, Argia Ikastolan, euskara bikainean praktikak egiten dituen ikasle ohia …

Bardeak

Tutera urrun dago euskaldun gehienontzat, eta irakasle asko kanpotik joan da Argia Ikastolan klase ematera. Horrek eragin du mugikortasun handia izatea irakaslegoan eta egonkortasunerako zailtasunak topatzea. Honen inguruan galdetuta, Gari jatorriz gipuzkoarra dugu eta nolatan errotu den eskolan galdetuta erantzun ederra eman digu. Bikotea bertan du, berarekin lanean, baina lanak errotu ditu han. Eskolan egiten dituen lanen fruituak Tuteran ikusi eta entzutean, Erriberako euskalduntzearen etxean harri koxkor bat jartzea, horrek urtearen balantzea egiten norberaren poztasunaren zakua betetzen laguntzen du.

Eskolak zor handia dauka, lehen errandako garraioaren zulo beltzaz gain, DBH eskaini ahal izateko (eta horrela euskarazko heziketa 12 urtetatik 16ra zabaldu) gobernuak instalazio jakin batzuk izatera derrigortzen zituen eskolak. Argia Ikastolaren kasuan, frontoia eraiki behar izan zuen. Horrek mailegu eta zorrak handitzera behartu zuen eskola, Nafarroa Oinezak urte batzuetan aurrera egin ahal izateko balioko dio. Ikastola laguntzeko beste bide bat Badira Bagara dokumentalaren webgunean duzue, euskaldun bakoitzak euro bana jarriko bagenu, eskolak urtetarako jardunean bizirauteko elikadura ekonomikoa luke.

babesa

Jasotzen duten babesarengatik galdetuta, lau zertzelada: orain 4 bat urte arte Argia Ikastolako ikasleen ikasketek balio ofiziala izateko beste ikastola batek sinatu behar zituen; duela gutxi Tuterako sarreran seinale batzuk jarri zituen gobernuak, ele-biz, handik aste gutxitara aldatu zituzten gaztelania hutsean paratzeko, gauza bera gertatu zen orain 2 urte Epaitegian seinale batzuk jartzean… aurrezteagatik bada ere utzi!; Oinezean bakarrik, lan egiteko, 1.600 lagun behar dira, Ikastolako gurasoak, irakasle eta langileak 250 baino gutxiago dira; Zorionez, Erribera eskuzabala da ere laguntza eskaintzen; azken aste honetan, Oineza antolatzeko, ordu gutxi batzuk lo egin eta beste guztia lanean ematen dute.

Eskerrik asko, Karlos eta Gari, gurera etortzeko tartetxoa topatu duzuelako.

Argia Ikastola

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena