«Euskaraz bizitzeko nahia, harrotasunez eta elkar hartuta adierazteko lasterketak»

Kontseiluak bultzatuta eta Lizarrako euskalgintzako kideek antolatuta gaur larunbata, Lizarran, hiru herri-lasterketa ospatuko dira euskaraz bizitzeko nahia adierazteko eta zabaltzeko.

Larunbata honetan herri-lasterketa anitz ospatuko dira Euskal Herrian barna eta honen berri izateko Lizarrako lasterketa antolatzen diharduten lagunekin elkarrizketa egin dugu. Horrela, lasterketa hauen nondik norakoak, zergatia eta hauen atzean dauden ideia-gakoak izan ditugu hizketagai.

«Euskaraz bizi nahi duen bakoitzari adierazi nahi diogu ez dagoela bakarrik»

«Norberak euskarari tarte handiagoa eskaintzean, kausa unibertsal baten alde ari da»

Gaur bertan Euskal Herri osoan hainbat “Euskaraz bizi nahi dut” herri-lasterketa ospatuko dira, besteren artean Lizarran. Zergatik antolatu dira lasterketa hauek, zertarako?

Herri-lasterketok jendarte mugimendu zabal baten baitan ulertu behar ditugu, euskaraz bizi nahi duen ororentzako jendarte dinamika hain zuzen ere. Duela urte eta erdi antolaturiko Euskaraz Bizi Nahi Dut kanpaina jendetsuari jarraipena ematearren, Kontseiluak Euskal Herriko herrialde guztietan ekimen bateratua egitea erabaki du, euskaraz bizitzeko nahia, harrotasunez eta elkar hartuta adierazteko beste aukera bat izateko. Asko gara euskaraz bizi nahi dugunak eta geure eguneroko jardunean hori praktikan jartzen dugunak. Askotan, hautu eta jardun hori norberak hartutako erabaki pertsonala izan da. Horrelako ekimenekin baina, gutako bakoitzari adierazi nahi diogu ez dagoela bakarrik. Euskaraz bizi nahi duen jende guztiaren bilgune izan nahi du Kontseiluak bultzatutako dinamika sozial honek eta, dinamika honen baitan, gaur Lizarran ospatuko dugun herri-lasterketak ere.

Herri-lasterketak Kontseiluak antolatzen ditu, baina zer da Kontseilua? Eta Lizarran nork antolatzen du?

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua orain dela 14 urte sortu zen, Euskal Herriko bost kirol estadio nagusietako ‘Bai Euskarari’ kanpainarekin batera. Jaio berria zen erakundeak bi jardunbide nagusiri ekin zion, batetik euskalgintzako erakundeen artean kohesioa bultzatzea eta indarrak batzea, eta, bestetik, gizarte eragileak, indar ekonomikoak eta alderdi politikoak hizkuntz normalizazio proiektuetan inplikaraztea. Hori lortzeko helburuarekin, 46 bazkidek osatzen dute Kontseilua egun. Haien artean Lizarran lan egiten duten Sortzen-Ikasbatuaz, Topagunea (euskara elkarteen federazioa), Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa, EHE herri mugimendua eta AEK euskaltegiak. Lizarran lasterketa hau antolatu dugunok erakunde hauetan aritzen garen edota euskararen alde dihardugun lagunak gara.

Berrar dezagun herri-lasterketa, nolakoa izanen da? Denok parte har dezakegu? Zertan datza?

Bai, jakina, Euskaraz bizi nahi duen edonork parte har dezake, horretarako izena ematea besterik ez du. Herri lasterketak hiru lekutatik abiatuko dira, haurrak, 11 urte bitarte, Koroatze Plazatik abiatuko dira, gazteak, 18 urte bitarte, Santo Sepulkrotik eta helduak Zezen plazatik. Denak ordu berean, 18:00etan, aterako dira eta Foru Enparantzan amaitu. Lasterketak ez dira lehiakorrak izanen beraz familia giroan egiteko aproposak dira. Giroa berotzeko 17:30etik aurrera hiru irteera puntuetan animazioa izanen da eta behin lasterketa bukatuta, Foru Enparantzan txokolatada, musika eta hainbat produkturen zozketa eginen da: ordenagailua, sukaldatzeko errobota, garbitzeko errobota …

Eta izena emateko?

Izena emateko bi aukera daude, batetik www.euskarazbizinahidut.org webgunean eta bestetik 17:30etik aurrera lehen aipatu ditugun hiru abiatze lekuetan bertan. 18 urtetik beherakoentzat bi eurotan izanen da eta helduentzat bost eurotan, horrekin diploma bat emanen zaio parte hartzaileari. Diploman bertan dagoen zenbakiarekin enparantzan eginen den zozketan parte hartu ahalko da. Bestetik, Euskaraz bizi nahi dut leloa eta lasterketa bera ikusgarriagoa egiteko kamisetak salgai izanen dira izen ematearekin batera. Haurrentzat, izen ematea eta kamiseta zazpi eurotan izanen da eta helduentzat hamar.

Euskaraz bizi nahi izateak eta hori burura eramateak ez du erraza ematen Lizarran. Euskal komunitatea txikia da munduan eta are txikiagoa Lizarran, komunitate hau hazten jarraitzen duen arren nola kokatu hain mundu zabalean?

Lizarran, Galesen edo Amazonian izan, hiztun-herri txiki eta ahulen alde ari garenean ez gara kapritxo baten ezta txokokeri baten alde ari; aitzitik, nahikoa filosofia zabalago baten alde dihardugu. Euskara ikasten dugunean, euskaraz irakurtzen dugunean, euskaraz hitz egiteko aukerak bilatzen ditugunean … azken finean, geure egunerokotasunean euskarari gero eta txoko handiagoa eskaintzen diogunean, kausa unibertsal baten alde ari gara, Hizkuntza Ekologiaren alde. Hiztun-komunitateen aniztasuna, berdintasuna eta interdependentzia balore etikoak defenditzen ari gara euskara erabiltzeko hautua hartzen dugunean.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena