Euskaraldiaren III. edizioak jarraipen nabarmena izan du Lizarran, 501 lagunek parte hartu dute, 360 Ahobizik (%72) eta 141 (%28) Belarriprestek. Genero ikuspegitik, emakumeek gehiengo izaten jarraitzen dute, euskararen aldagai guztietan bezala, ezagutza, mintza, …, Euskaraldiaren parte hartzean ere halaxe izan da: 319 emakumek (%63,7), 179 gizonek (%35,7) eta 3 ez bitarrek (%0,6).
Euskaraldia bitartean hainbat ekitaldi izan ditugu parte hartzea erraztu dutenak, besteak beste: azaroaren 18an Gurerara ikuskizuna Allotzen eta ekitaldia Oteitzan; 26an Lizarran Kantuz; 27an “Txapeldun bihotza” bakarrizketa Gesalatzen; 29an “Luze do motz” bakarrizketa mundiala Lizarran; abenduaren 2an Lizarrako euskararen inguruo hitzaldia eta bertso afaria Lizarran; eta abenduaren 3an Lizarran Kantuz berriro.
Aurreko edizioei begiratzen badiogu, Lizarran esan daiteke lau aldiz egin dela ariketa, 2017an Euskararen Maratoia antolatu baitzen asteburu batez. Euskaraldiaren lehen bi edizioetan emaitza paretsua utzi zuen parte hartzearen aldetik, 750 eta 800 artean Lizarralde osoan. Aurten, momentuz, soilik Lizarrako datuak ditugu, 501 lagun, beraz aurreko edizioekiko antzeko emaitza utzi du, apur bat behetik.
Adinaren ikuspegitik, berriz, 16 urtetik 50 urte bitarte hamarkadak nahiko antzeratsu banatzen dira, guztien %24 eta %27 artean; hurrengo bi hamarkadak ere antzeratsu, %11ren bueltan bakoitza.
Halaber, interesgarria da ikustea nola banatzen den genero ikuspegitik adinka ere. Kontuan izanik emakumeak izan direla batazbeste partaideen %64 inguru bada ere, zenbat eta gazteago are eta “emakumeago”, adin tarte nabarmenena zentzu horretan gazteena da, partaideen %75 emakume izan baita. Ondoren apurka-apurka gizonen kopurua handituz badoa ere adina gora egin ahala, tarte guztietan dira nagusi emakumeak.
Eta ariketa bera Ahobizi / Belarriprest banaketaren aldetik, batazbeste %72 Ahobizi eta %28 Belarriprest izanik, adinka: 16 eta 30 urte bitarte Ahobiziak %79 eta Belarriprestak %21; 31 eta 40 urte bitarte Ahobiziak %75 eta Belarriprestak %25; 41 eta 50 urte bitarte Ahobiziak %69 eta Belarriprestak %31; 51 eta 60 urte bitarte Ahobiziak %64 eta Belarriprestak %36; 61 eta 70 urte bitarte Ahobiziak %60 eta Belarriprestak %40 eta 71 urtetik aurrera Ahobiziak %83 eta Belarriprestak %17.