Euskaraldia batzarra: 2018 edizioa eta hurrengo edizioaren aurkezpena

Euskaraldia ekimena geratzeko etorri da, iaz lehena izan bazen 2020an etorriko da bigarrena. Urrun dagoela dirudien arren, bada, baina, zer egin eta zer ezagutu aurretik. Honela, herriz herri ari dira ekimen honen berri ematen, besteak beste, Lizarran eta Vianan joan den ostiralean, ekainak 7. Saioa bi ataletan banatu zen.

Aurrena, aurreko edizioaren hobetzekoak eta ongi egindakoak freskatu genituen. Honela, hobetzekoen artean aipatu ziren:

  • Herri txikien parte hartzea: norberaren herrian izena emateko aukera eskatu da, batzordeen sortzea eta dinamizazioa zailagoa izan da herrietan…
  • Lan karga: lan handia eta banaketa/delegazioa hobe egin behar, aukerarik balego liberazio mugatu bat.
  • Ahobizi/Belarriprest rolak: hainbatek ongi ulertu ote zuten zalantza, inkoherentziak izan dira rola eta honen praktikaren artean (herrian zein EiTBko saioetan), Belarriprest rola prestigiatu beharra.
  • Sektore zehatz batzuetan lanketa sakonagoa behar: gazteak, Institutua, merkataritza…
  • Izen ematea eta euskarrien banaketa: herri-batzordea eta herri-izen ematea funtzioak banantzea, Euskaraldia hasita izena ematea amaituta egon behar, txapa eta bestelako euskarrien banaketa hobetzea…
  • Datak: Nafarroan data txarrak dira Foru zubiarengatik; gainera, Korrikak eta Euskaraldiak ikasturtea partekatzen dute.
  • Eragina: ohiko esparruetatik haratago joateko gaitasun mugatua izan dugu, neurri batean lortu zen baina askorentzat opakoak gara oraindik (erdal mundua kasu).
  • Batzuek aipatu zuten faltan somatzen dela haurrentzako zerbait eskaintzea eta, baita, Belarriprest izateko gaitasuna ez dutenentzat rolen bat ematea, garai bateko “Bihotzgoxo” adibidez.

Ongi egindakoen artean, aldiz:

  • Lanerako esku gutxi izan arren, emaitza onak: Euskaraldia batzordean modu jarraituan 5-7 lagun izanda ere, izen emateak 700etik gora izan dira.
  • Eragina: ohiko eragin esparruak zabaldu dira, izen ematea espero baino handiagoa, jendearen interesa…
  • Gazteen parte hartzea Euskal Herriko bataz bestekotik nabarmen gora izan da.
  • Ariketa sozialaren fokoa erabilera izatea: arau sozial berriak ezarri (ezezagunei euskaraz egitea normaltzea, elkarrizketa elebidunetan trebatu …), ezagutza /= erabilera…
  • Kateatzea bi ariketa sozial handi eragina handitzeko: Euskaraldia bera eta Korrika.
  • Aurreko edizioan landutakoak bidea erraztuko du hurrengoan. Batetik, ariketa soziala eskualdean bitan gauzatu izana (Euskararen Maratoia 2017an, Euskaraldia 2018an) eta, bestetik, sortutako komunikazio euskarriak (spot eta bestelako bideoak, euskarri fisikoak, hormirudia…) berriro baliatu ahal izatea.

Egin genuen azken ariketan datorren Euskaraldirako balizko lan eremuak izan genituen hizketagai. Honela, ariketaren funtsa izan zen geure lan-indarra kontuan hartuz zeintzuk ziren lehentasunezko eragin eremuak. Horretarako, batzarkide bakoitzak hiru puxtarri banatu ahal izan zituen bost esparruren artean. Emaitza?

  • Boto gehien jaso zituzten lan eremuak: Eragile sozio-kulturalak eta Eskolak, seina boto, eta Merkataritza izan ziren, azken honek bost boto.
  • Azkenik, Erakunde Publikoek bakarra eta Lantegiek botorik ez.

Azkenean, Euskaraldiaren hurrengo edizioaren gakoak aurkeztu ziren, hemen labur-laburrean:

  • Bigarren edizioa 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra eginen da, bi aste beraz, eta ez hamaika egun. Herritarrentzako funtzionamendua berbera izanen da: irailetik aurrera izen ematea Ahobizi/Belarriprest roletan, txapak… Lizarran bereizgarri bat izanen dugu, urriaren erdialdean Nafarroa Oinez ospatuko baita Ega ondoko hirian. Arriskuak (lan karga) eta aukerak (festa handi horren bitartez eragitea euskararen erabileran) batean.
  • Edizio honen berritasuna entitateen aldetik etorriko da (administrazioak, klubak, elkarteak, ostatuak, dendak, lantegiak…), haiekin batera Ariguneak sortu nahi baitira. Hau da, Belarriprest eremuak sustatu eta identifikatu.

Bigarren edizioa aurkezteko mintegiaren (ekainak 9) bideo-laburpena: Ariguneak

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena