Euskara ezagutza datuak: Lizarra, edo makro-eskualdeek ezkutatzen dituzten altxorrak

Orain bi urte, 2018an, Nafarroako Estatistika Institutuak “2018ko Gizarte Inkestaren eta bizi baldintzei buruzko” ikerketa egin zuen, eta 2020ko otsailean argitaratu. Ondoren, urte bereko ekainean, Euskarabideak “Nafarroako datu soziolinguistikoak 2018” azterketa soziolinguistikoa egin zuen galdetegi horretan oinarrituta.

Datuak eskualdeka, hizkuntza-eremuka, eta beste aldagai batzuen arabera eman zituzten eta, hortaz, geure eremu geografikoaren berri izateko hurbilen genuen datu-sorta Estellerriari egiten dio erreferentzia. Hau da, Urbasa-Andiaren magaletik Ebroraino. Hau da, Gipuzkoaren azalera hartzen duen lur eremua.

Tamalez, hizkuntzaren aldetik begiratuta, alde nabarmena dago Lizarraldeko iparraldearen (Foru administrazioan “Montejurra” izendatutako eremua) eta hegoaldearen artean (“Estellerriko Erribera”) eta beraz, datuek ez dute behar bezala islatzen euskarak eginiko ibilbidea.

Bi ohar: Batetik, datu hauen unibertsoa dugu Nafarroako 16 urteko eta hortik gorako pertsonak, aurretik euskara ezagutzaren errolda-datuak eman izan direnean 3 urtetik gorako pertsonekin egin izan da eta, hortaz, ezagutza-datu handiagoak ematen dituzte. Bestalde, 2017an 44 udalerrik “eremu ez euskalduna” delakotik “eremu mistora” egin zuten jauzi, horrek isla izan dezake 2018ko datuetan.

Azpiko taulan dituzue euskaldunen (euskaraz “ongi edo nahiko ongi” mintzatzen direnak) eta euskaldun hartzaileen (euskara jakin bai baina “ongi mintzatzen ez direnak”) datuak. Taulatik kendu ditugu Nafarroako eremurik euskaldunenak (Baztan-Bidasoa, Sakana eta Pirinioa), Nafarroa erdialde eta hegoaldeko datuen arteko aldeak nabarmenago ikusi ahal izateko:

2018ko datuotan, Lizarrako lagina txikiagoa da eta, hortaz, pentsatzekoa da akats-tartea ere handiagoa izatea. Tentuz hartu beharko da beraz. Hala ere azpimarratzeko modukoa da haur eta nerabeak kontuan hartu gabe, hau da, pertsona (ia) helduak (16 urte eta hortik gora) soilik kontuan hartuta, euskara ulertzeko gai direla biztanleen ia laurdena. Iruñerriko datuen gainetik. Eta bereziki pozgarria ulertu bakarrik ez, baizik eta ongi edo nahiko ongi hitz egiteko gai direnak ia %17 direla, Iruñea/Iruñerria baino lau puntu altuagoa. Alde nabarmena beraz.

Interesgarria da, halaber, erkatzea Lizarraren datuak eta bere eskualdearenak, “Estellerria”, Ega ondoko hiria barne izanik ere, euskaldunen ehunekoa 8 puntu baxuagoa da (ez, ordea, euskaldun hartzaileena). Pentsatzen badugu Lizarra inguruko herrien ezagutza-datuak hiri honen datuen antzekoagoak direla, oso bilakaera ezberdineko bi eremu ditugu Lizarraldean: Lizarra ingurua (eta Ameskoa), eta Ebroren ardatza.

Lizarran bezala, litekeena da makro-eskualdeetako datuetan bestelako “altxor” batzuk ezkutatzea, euskararen polo-hedatzaileak. Adibidez, “susmagarriak” lirateke Gares (Izarbeibar-Noveneran), Tafalla (Zangozerria eta erdialdean), Deierri (Estellerrian)… bezalako udalerriak.

 

 

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena