Euskara ahora, matrikulatu euskaltegian! A1 eta A2 doan, beste mailak ia doan!

Nafarroako Gobernuko Euskarabideak, 35 toki entitate eta helduen euskalduntzeko eragileekin batera, Euskara Ahora kanpaina aurkeztu dute.

Kanpaina irail osoan zehar garatuko da, sare sozialetan, Lizarrako, Tafallako, Tuterako eta Iruñerriko markesinetan, NUPeko campusaren inguruko publizitate-hesietan, Arrosadian, autobus eta tren geltokietan, Itaroa eta La Morea merkataritza-guneetan, irratian, egunkarietan eta tokiko aldizkarietan.

Laburrean:

  • Gaur egun, 5.800 helduk baino gehiagok ikasten dute euskaraz. 2025-2026 kurtso honetan, euskara ikasteko euskaltegiren batean matrikulatu ziren helduen kopurua % 32 igo da.
  • Eta, hasierako mailan matrikulatutakoak igoera % 54koa izan da.
  • Aurten, lehen aldiz, doakotasuna lortu da A1 eta A2 mailetan. Laguntza bi epetan ordainduko da, abenduan eta ikasturtearen amaieran.
  • Gainerako mailetan, 475 eurorainoko dirulaguntzak eskainiko ditu Euskarabideak, eta horiek bateragarriak izanen dira tokiko dirulaguntzekin. Esaterako, Lizarrako, Garesko eta Deierriko udalak eskaintzen dituztenak.
  • 2026-2027 ikasturtean euskara ikasteko Euskarabidearen dirulaguntzak eskatzeko epea irailaren 1etik azaroaren 3ra arte egongo da zabalik. Udaletan, usu, irailean zehar eskatzen dira aurreko ikasturteko dirulaguntzak.
  • Kanpaina 35 toki entitaterekin eta eragilerekin elkarlanean egin da
  • Lizarran bertan euskaraz ikasteko: Beinat Etxepare AEK euskaltegi historikoan, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialaren ordezkaritzan eta adinekoen ikasketa zentroan.
  • Dirutan: Kanpaina honetan 60.000 euro inguru inbertitu dira. Gainera, aurtengo aurrekontuetan 2.800.000 euro aurreikusi dira euskaltegientzako dirulaguntzetan; eta 1.286.000 euro euskara ikasten duten helduentzako dirulaguntzetan, iazkoaren bikoitza.

Gogoan izan behar da toki entitateek eta euren Euskara Zerbitzuek elaide.eus webgunean euskaltegiei eta dirulaguntzei buruzko informazio zehatza eskaintzen dutela.

INGURA plataforma

INGURA plataforma digital publikoan A1, A2 eta B1 mailak dagoeneko egin daitezke. INGURA plataforma EUSGUNEAK proiektuari esker garatu da. Bertan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta HABEk; Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak; eta Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bitartez. Europar Batasunak proiektuaren % 65 batera finantzatu du, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) Programaren AFOMEF-POCTEFA mugaz gaindiko garapen iraunkorra sustatzeko deialdiaren bidez.

Aurreko artikuluaIgandean bisita gidatua Karlismoaren museoko aldi baterako erakusketan
Hurrengo artikuluaTxalaparta ikastaroa Lizarran: eman izena irailaren 30era arte