Euskaltegiko ikasleek ez dute errukirik izan…

Orain aste batzuk Lizarran, ohi bezala euskaltegira joatean, ikasleek hainbat ohar topatu zituzten euskaltegian barna sakabanaturik. Txarteltxoetan haien irakasleen esker onak agertzen ziren: “eskerrik asko gauean klasera etortzeagatik”, “eskerrik asko kanpotik etorri eta euskara ikasteagatik”, “… euskaraz egiteagatik”, “… Mintzakiden parte hartzeagatik” ea.

Horren ondoren, egunak joan egunak etorri, ikasle baten baitan ideia bat ernatzen hasi zen. Horrela, handik gutxira, Maritxu delakoak esker onak bueltatzeko proposatu zien ikaskideei buruan zuen ideia partekatuz, “bai, nire ideia izan zen, baina denek berehala bai! bai! bai! esan zuten, eh!” … tira, denek? “Bueno, gizonek hasieran ezetz” baina berehala bere lekuan jarri zituzten “zu! oraintxe! ezpainak margotu! demonio, baietz!”.

Egin dezagun geldiune bat kontakizunean, ziur zeuen buruari eginen diozuela galde, zer asmo arraio zuten ikasleek? Ba al da irakaslerik euskaltegiko ikasleen buruan sartzeko gai? Inork argitu al du nolatan ikasleek haien artean aldenmouzkouskaran egiten dutenean, eta irakasleak ulertezintzat amore ematen duenean, ikaskide guztiek elkar ulertzen duten? Hori al da Eman Euskara Elkarri Korrika 18ren leloaren esanahi ezkutua? Ikasleen egiteak igartzen zailak badira zer erran asmoez, utz ditzagun bada atzean asmoak eta goazen ekintzetara zer edo zer garbi aterako dugulakoan.

Beraz, kontakizunean ikasleak haien ezpainak gorri-sutsuz margotzen utzi ditugu. Behin ederki margotuta, halako batean eta denek aldi berean, irakaslea ezustean heldu eta aurpegia ezpainekin muxukatu dute irudi gartsuak utziz masail, bekoki, sudur eta ezin aipatutakoetan. Alajaina! Argitu ez al zaigu misterioa! Baina, eta tamainako atrebentziaren aurrean zein izan zen irakasleen erantzuna?

Bada, espero zitekeen moduan, denetariko erreakzioak izan ziren, irakasle bat kasu, seko liluraturik geratu zen … “Baina … hau? … Zer pasatzen da? … Nola? … ein? … Non nago?”. Beste batek aldiz, egoera ikusita, bulegoan gotortzea erabaki zuen. Haren zoritxarrerako baina, muxuen beste biktima batek muxukatzaileei abisua eman eta hantxe arrapatu zuten iheslaria ezkutaturik ”ez! ez! mesedez! Batzorde bat dudala orain! Arren!” … baina munstro gupidagabe horiek ez zuten inolako errukirik izan.

Argazkiari so eginda baina, irakasle batek besteek baino muxu gehiago jaso zituela ohartu nintzen eta segidan ikasleei galdetu nien nolatan zitekeen hori. Hauek emandako bertsio ofizialaren arabera haren klasean ikasle asko omen zeudelako izan zen … mmm … erantzuna sinesgarria suertatu ez eta euskaltegiko estoldetara jo nuen bestelako bertsio baten bila, eta topatu ez nuen ba! Zurrumurruek zioten “mutil katxarroa” izanagatik egoera baliatu zuela batek baino gehiagok!

Azkenik, gizagaixo despistaturen batek, zalantza izpirik gabe erasoaren bortitzak eraginda, aurpegian zituen ezpain-markak garbitzea ahaztu eta arratsalde osoan zehar eraman zituen lagun errukitsu batek abisatu zuen arte. Hain zuzen ere bera izan genuen irakaslea izan gabe oparia jaso zuen bakarra eta, aldi berean, ikasleekin batera hitz hauek idatzi dituena.

Ez dirudi bada momentu txarra Lizarraldeko ikasle, irakasle zein bestelako euskaldunek grabatutako bideo eder hau birgogoratzeko:

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena