Etxepare album ilustratuen erakusketa Villatuertan

Etxepare album ilustratuen erakusketa bisitagarri izanen da abenduaren 12ra bitarte. Villatuertako kiroldegiko korridorean kokatu dira azken 13 album ilustratu sarituen azalak. Tamalez, osasun neurriak direla eta, ezin izango dira liburuak bertan irakurri baina liburu dendetan edota liburutegi gehienetan eskuragarri izanen dituzue.

Bisita ordutegia kiroldegiko ordutegia izanen da: Astelehenetik ostiralera goiz eta arratsaldez, eta larunbatean goizez.

Nafarroako hainbat toki entitatek, haien euskara zerbitzuen bidez, Etxepare sariak antolatzen dituzte euskaraz sortutako haurrendako album ilustratuak saritzen dituztenak urtero. Izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak.

Kontuan izan behar dugu albumak dituen ezaugarriengatik garestia dela bere produkzioa. Argitaratzeko zailtasun hori bihurtzen da, hain zuzen, albumak sortzeko oztopo nagusi. Beraz, Etxepare sariaren helburuak betetzeko ez da nahikoa saria ematearekin, lanak argitaratzen ere lagundu behar da, eta, horiek horrela, liburuak argitaratu egiten dira Pamiela argitaletxearen eskutik.

Orain arte plazaratutako liburu guztien erakusketa da hau, guztiak ere kalitate handikoak eta euskal literaturaren alorrean erreferentziazkoak. Ikusgai dauden lanen artean eskarmentu handiko egileenak daude, baina beste askok beren burua Etxepare sariaren bitartez eman dute ezagutzera. Euskal literaturan album irudidunen alorrean egun egiten denaren isla da erakusketa.

 

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena