Estellerriko Irakurle Klubaren 16-17 denboraldiko hondar saioa

PATXI LARRION IDAZLE ETA HISTORIALARIAREKIN SOLASEAN

Ekainaren 1ean, Lizarrako Liburutegiko erreka ondoko xoko bare eta xarmangarrian, Estellerriko Irakurle Klubak bere 16-17 denboraldiko hondarreko saioa izan zuen. Azken zortzi urteetan egin duen gisan, klubak usantza du akabailako saiorako aztergai duen liburuaren idazle edota itzultzailea ekartzekoa. Oraingoan, Patxi Larrion etorri zen guregana, bere lehen eleberriaz solastera. Izenburua Feriatzaileak du, eta Susa argitaletxeak karrikaratu zuen 2016ko irailean.

zutik

Patxi ikasketaz historialaria da, lanbidez euskara irakaslea, eta, hainbertze zaletasunen artean, iaz jauzi egin zuen fikziora, eta bere lehen nobela idaztera deliberatu zen. Bergaran sortua bada ere, bizi Iruñean bizi da aspaldi, baina aita-amen aldetik Allinibarreko Etxabarrin du jatorria, eta sarritan du bere pausaleku; hori dela eta, berezia izan zen aitzineko asteko saioa: Larrionek biziki ongi ezagutzen du eskualdea, eta horrek halako konplizitatea, halako hurbiltasuna, eman zion elkarretaratzeari.

Gure protagonista maleta eta guzi agertu zen Lizarran, eta ez edonolako maletarekin, eleberrian ageri den maletaren erreplika izaten ahal denarekin baizik: dokumentazio ezin interresgarriagoa edukitzeaz gain, sos ederrak ere baitzekartzan. Gainera, aroa gure alde paratu zen, eta ezin sinetsizko arratsalde goxo eta beroa eskaini zigun; hain ederra non, Liburutegia hetsi ondoan, erreka ondoko ostatu berriztatuko terrazan jarraitu baikenuen gure solas-jarioa, irri eta mirri.

ederra

Larrionek xarmanki azaldu zizkigun bere fikziozko lehen lanaren xoko-moko gehienak, eta, bere mintzo jostariaren bidelagun, dokumentazio purrusta bat ekarri zuen. Bertan, eskuztatu ahal izan genituen eleberria kokatzen den garaiko (1969) hainbertze kontu: karlismoaren ingurukoak zein Patton filmaren gainekoak.

Eleberria, arestian erran gisan, 1969an kokatzen da, eta abiapuntua da tenore hartan Nafarroako zenbait lekutan filmatzen ari ziren Patton ezaguna. Protagonista nagusiak Martin eta Luis dira —hurrenez hurren eta mutatis mutandis— denbora hartako pentsamolde karlista eta liberalaren nolabaiteko ordezkariak; lehena, ameskoarra da; bigarrena, iruindarra, eta biak, kazetaritza ikasten ari diren bitartean, alferezgai dira armadan. Munta gutiko feriatzaileak —ebasle, iruzurgile, amarruzale— izaki ere, ederki probesten dute aipatu filmaketa, ahalik eta etekinik handiena xurgatzeko; izan ere, garai hartako armada espainiarrak parte hartu zuen filmean, eta laguntza logistikoaren truke, atarramendu handia atera zion ikuskizunari. Gainera, eszena batzuk Urbasan filmatu zituzten, eta arras ongi marrazten ditu idazleak bertan eginikoak, obraren hainbat pasarte hantxe kokatzen baititu.

Patton

Eleberriaren alde onak aipatzearren, nik honakoak nabarmenduko nituzke. Alde batetik, aski ongi islatzen du 1969ko giroa: trantsizio urtea kontsideratzen ahal da, karlismoaren gainbeherarena, oraino hagitz kamuts eta santujale zen Iruñeko karriketan bizi zen zokokeria itogarria, baina baita Estellerriko giro landatarragoa ere. Horretaz gain, elkarrizketa bizien pisuak arindu egiten dute erritmoa, erabilitako elipsi egokiek lagundurik; eta gauza gehienak Martinen ikusmoldetik iragaiten dira, nahiz eta tarteka narratzaile orojakilearen itzal luzea hautematen den. Eskertzekoa da, finean, eleberriak euskaraz eskaintzen dizkigulako lehen aldikoz garai hartako gertakizun zein bizimoldeen berri. Halaber, estimatzekoa da egileak egin duen dokumentazio lana; baina, gisa berean, asmatu egin du, literaturari eman baitio protagonismoa, ez baitzen bere asmoa eleberri historiko bat egitea.

Karlistak

Zernahi gisa ere, nobelak baditu zenbait ahulezia. Eta horietarik bat da, ene ustez, bi protagonistak pertsonaia lau samarrak direla, erran nahi baita, Martinengan eta Luisengan ez dut hautematen ia inolako garapenik, eraldaketarik, eleberrian zehar: nahiko prebisibleak dira biak, ez diote irakurleari eskaintzen espero ez duenik, haiek ere, Nafarroako giro hura bezala, nahiko kamuts ageri baitzaizkigu. Eta elkarrizketak biziak badira ere, batzuetan topiko hutsean gelditzen dira, urtu egiten dira salda nafar gatzgabean. Eta horrekin batera, erran nahiko nuke ezen eleberriari halako tentsio narratiboa ematen dioten hiru ekintza nagusiak ere ez ote diren poxi bat herren gelditu, laxoegi, batzuetan. Gainera, nago Pete Domezain pertsonaia —literaturaren ikuspegitik, bederen— aunitzez intersgarriago izan zitekeela bertze biak baino, bere potentziala hobeki probestu izan balu egileak.

Nolanahi ere, Patxiren lehen eleberri hau erraz eta gustura leitzen da, are gehiago iruindarra izaki edota estellerriarra. Meritu handiko nobela da, mimo handiz harilkatua eta dokumentazio lan handia duena gibelean. Argi dagoena da joan den egunean Patxirekin batera izan ginenok kontu on aunitz feriatu genituela: eleberria bera, arrastiriaren fereka epela, eta, batez ere, konpainia ezin rameganteagoa.

Polito

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena