Remontivalgo D ereduak 25 urte. Prentsaurrea

Remontival ikastetxeko D ereduak 25 urte beteko ditu aurten. Hori dela eta, hamaika ekimen eta ekitaldi gauzatu asmo dituzte uda bitartean. Egitasmoa aurkezteko bi hitzordutara gonbidatu dute: Batetik, prentsa joan den asteartean eta, bestetik, aurkezpen herrikoia ostiral honetan 19:00etan Bota Peñan.

Astearteko deialdian, besteak beste, garai hartako gurasoen ordezkariak bertaratu ziren, baita lehen urteetako irakasleak, orduko ikasleak (egun irakasle lanetan dabiltzanak ikastetxean) eta, azkenik, lehenetariko ikasle izandakoak eta egun ama direnak eta hauen alabak Remontivalgo D eredura ekartzen dituztenak. Eta, nola ez, gaur egungo familia, ikasle eta irakasleak.

Jolastokia (arg.: Remontival eskola)

NOLA ABIATU ZEN? 1994/1995 ikasturteko aurrematrikulan 5 ikaslek izena eman zuten D eredua irekitzeko eskatuz. Ikasturte hartan, baina, ez zen abiatu eredu berria, hala ere, horrek aukera eman zuen administrazioarekin biltzeko eta handik sortuko zen lan talde bat. Honen helburua zen hurrengo ikasturtean euskarazko lerroa irekitzea. Lan taldean familiak, irakasleak, zuzendaritza eta eskolako guraso elkartea aritu ziren.

Lan handia egin zen, familiekin bilerak, eta hauen inplikazioa ere handia izan zen. Matrikulatze kanpainaren ondoren eskualdeko 17 ikasle matrikulatu ziren. Gainera, aldi berean, gutxieneko familia kopuru bat bermatu zen hurrengo urteetan ereduari bideragarritasuna emateko. Eskaeraren tamaina ikusita zentroko Eskola Kontseiluak departamentuari eskatu zion D eredua abiatzeko, eta hala gauzatu zen 1995/1996 ikasturtean. Honela, irailean, Remontivalgo D ereduak bere lehendabiziko urratsak emanen zituen 3 eta 4 urteko ikastalde bakarrarekin. Urtez urte matrikulek gora egingo zuten eta, azkenean, ikasmaila bakoitzeko bi talde egonkortu dira.

GARRAIOA ETA JANTOKIA. Bidean hainbat oztopo gainditu behar izan zuen eredu jaioberriak, horien artean handienetakoak denentzako garraiorako eta jantokirako eskubideak. Prozesuak luze jo zuen, ondorio tragikoak ere izan zituen, eta, azkenik, urtetako ahaleginaren ondoren, duela 3 ikasturte lortu zen: Eskualdeko ikasle guztiei eskaini zitzaien garraio zerbitzua eta baita jantoki zerbitzurako dirulaguntza ere.

Jantokia (arg.: Remontival eskola)

ESPAZIOAK: UREDERRA ZONALDEA. Azken mende laurden honetako beste lorpen garrantzitsu bat gaur egungo ikastetxe barneko antolaketa da. BHI berria eraikitzean, eskolak eraikineko eremu berriak berreskuratu ahal izan zituen, eta zentroa honela era zentzudunago batean antolatu zen. Berez, D eredu osoa Urederra eremuan kokatu zen. Honi esker, Ereduko maila guztien arteko komunikazioa eta harremana errazagoa eta koordinatuagoa bilakatu da.

Psikomotrizitate gela (arg.: Remontival eskola)

ESKOLA MUNDUARI ZABALIK. Prentsaurrean nabarmendu nahi izan zuten ikastetxea mundu osoari zabalik dagoela. Horren erakusgarri lirateke elkarlanean antolatzen diren Maridomingi eta Olentzeroren kalejira, Santa Agedaren koplak… bietan askotariko musika taldeek parte hartzen dute, hala nola Lizarrako gaitariek, txistulariek eta trikitilariek. Eta zer esanik ez berehala etorriko diren Herri Inauteriak ere, D ereduko familiek antolatua…

Ezin aipatu gabe utzi eskuartean duten proiektu kuttun eta zirraragarri bat: Remontivalgo Iturria berreskuratzea. Orain 25 urte familiek departamentuari emandako argudioen artean honakoa aipatu zen: “zentroa naturarekin estuki lotua dago, ingurune natural batean kokatuta dago“. Honela, ikastetxearen ondoan, mendi magalean ezkutaturik dagoen iturria berreskuratzeko proiektu handinahia abiatu zen. Lau urteren buruan eskola komunitate osoa batzeko balio izan du, baita administrazioa edota beste ikastetxe publiko batzuk ere. Baina, batez ere, belaunaldien arteko zubia izan da: “belaunaldi ezberdinek elkarri erakutsi diote eraikitzen guztiona dena errespetatzen eta gure inguruneaz gozatzen. Eta hori da gure gaur egungo errealitatea, eredu batu, aktibo, bizi eta ekiteko gogo handiak dituena.

25. URTEMUGA OSPATZEN. Urteurren berezi hau ospatzeko hainbat ekimen abiatu dituzte. Momentuz, logoa aurkeztu dute, abesti alai bat prestatu, Remontival IP facebook orria zuzeneko komunikazioa izateko, kamisetak… eta ospakizunaren lema: ”Luzatu eskua euskarari”.

Logoari buruz, Oihanek azaldu zuen gaur egun ikastetxeak duen logoan oinarritu dela. Honela, D ereduaren logoak nolabait irudikatuko luke aniztasuna elkarri bostekoa ematen: “luzatu eskua euskarari”, kolore askotako D hizkiak, adin -tamaina- ezberdinekoak elkarri bostekoa ematen. Honela, eskuz esku eta bostekoa ematen ari direla, aurrera (eskuinera) egitearen irudia transmititzen dute, eta etorkizunean (eskuinean) topatuko lukete Remontivalgo D ereduaren 25 urteak eta D eskola publiko berdea.

Bideo labur honetan urteurrenaren abestia eta logoa ikusgai:

Bestalde, ekitaldi sorta andana prestatu dituzte. Momentuz aurreratu dizkigutenak:

  • Urtarrilak 17, ostiral honetan, pintxopotea eta aurkezpen herrikoia Bota Peñan 19:00etan
  • Urtarrilaren 23an artelanak sortzen ikasteko tailerra
  • Otsailaren 1ean bideo grabaketa eta 14an Herri Inauteriak Foruen plazan, Arrano Elkartearekin batera
  • Otsailaren 20an bertsolaritza tailerra
  • Martxoaren 5ean ikasle eta ikasle-ohiekin solasaldia
  • Apirilean dastatze eta arte uztarketa (ardoa, gazta, musika eta pintura).
  • Eta, azkenik, urtemugaren festa nagusia maiatzaren 30ean Foru plazan.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena