Eñaut Gorbeari elkarrizketa: «Aioko» txotxongiloen eta itzalen antzerkigilea

Abenduaren 29an «Aioko» txotxongiloen eta itzalen antzerkia izanen dugu Oteitzan. Antzezlana 17:30ean hasiko da eta komenigarria da aldez aurretik izena ematea Irantzu euskara zerbitzuan, edukiera mugatua baita. Hona ekarri nahi izan dugu Eñaut Gorbea, Zurrunka Teatro konpainiaren sortzailea, antzerkilaria eta titiriteroa «pasioz eta ofizioz», baratzaren, bidaien eta istorioen lagun ere bada.

1. «Aioko» itzal-antzerkia da, nondik dator antzerki mota hori?

Itzal-antzerkia, antzerki estilo guztietatik zaharrena dugu, kobazuloetan hasi baitzen gizakia itzalekin jolasten. Ondoren, Txinan eta Tailandian izan zuen garatzeko kabia, eta gero bertatik, Pertsia eta Mongolia zeharkatuz, Afrikako iparralderantz egin zuen. Han debekatua izan zen eta, azkenik, Turkiatik Greziara egin zuen.

2. Zerk egiten du berezi itzal-antzerkia? zer teknika erabiltzen dituzue?

Argiak eta itzalak izatez oso sinbolikoak dira, eta horrek nire ustez indar berezi bat ematen dio. Honetaz gain, esan daiteke itzalekin dena dela posible eta, beraz, irudimena zabaltzeko aukera ezin hobea eskaintzen dute. «Aioko» ikuskizunean itzalak hainbat eratan erabiltzen ditugu, eta baliatzen ditugu baita ere itzal-txotxongiloek, gorputza eta erretroproiektoreak ematen dizkigun aukerak. Teknika asko nahasten dituen lana da, eta mahai-txotxongiloek eta umorezko antzerkiak ere presentzia handia dute ikuskizunean.

3. Antzezlanaren kokalekua Aioko uhartea da, izenak badirudi euskaratik eta japonieratik edaten duela. Hala da?

Hala da bai. Istorioa sortzeko unean Joshi Hiokik idatzitako eta Japonian kokatzen zen ipuin bat izan baikenuen abiapuntu. Sorkuntza gehienetan bezala, istorioak bide berriak hartu zituen, eta azkenean Japoniako uhartedia agertu ez arren, bere aztarna izenburuan erregistratuta geratu da.

4. Haurrentzako tailerrak edo ikasketak ere eskaintzen dituzue, «Argia eta itzalak» programa eta «Itzal titere laborategia». Zer egiten eta ikasten da horietan? haurrei erakargarri egiten zaie? zergatik?

Itzal laborategiak deitzen ditugu, haurrek itzalen munduan haien esperientziak izateko eta esperimentuak egiteko aukera eskaintzen dutelako. Itzal eta argiaren teknikak oso zabalak dira eta, beraz, saioen arabera teknika ezberdinak landu daitezke, hala nola: itzal-txotxongiloak, gorputza eta itzala, silueta mugikorrak, eta abar. Tailerretan itzal-antzerkiaz gain, gertu dauden bestelako teknikak ere baliatzen ditugu, esaterako, hondarrarekin proiekzioa edo mahai-titereak argi beltzaz. Haurrek asko eskertzen duten esperientzia da, eta egia esan, ederki pasatzen dute, haientzako ezezaguna izan ohi den antzerki mota hau deskubritzen.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena