Emanaldi goxo eta intimoa Porrotx eta Marimototsekin

Urtebete berantago pailazo maitagarriak Lizarrara itzuli ziren joan den asteazkenean, otsailaren 3an! Osasun-neurriak direla eta, emanaldia egokitu behar izan zen eta bere ohiko kokalekutik (Kiroldegiko kantxa) Los Llanos Kulturagunera etorri zen. Saio baten edukiera 200 lagunetara mugatuta, pailazoek bi saio egin zituzten. Lehena 16:00etan eta bigarrena 18:00etan.

Tenperatura ona lagun, familiek kanpoan itxaron zuten sarrera eman aurretik eta, bi saioen artean, aretoa desinfektatu eta aireztatu zen. Bi saioak ederrak izan ziren eta biak edukiera leporaino beteta (laurehun lagun osotara). Gareanek argi zuen, zailtasunak zailtasun, pandemia-egoerara egokitzeko beharrezko neurri guztiak hartuko zituela (edukiera-muga, lekualdaketa…) pailazo kuttunak Ega ondoko hirira itzultzeko.

Oraingo osasun-pandemiak, beraz, ez digu galarazi pailazoen bisita jasotzea, iazko zentsura-izurriteak galarazi ez zuen bezala Lizarraldeko familiek pailazoen emanaldi apoteosikoan (ez apokaliptiko…) gozatua hartzea Oteitzako Iturtxipian!

 

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena