Elkartasunaren fruitua ekimen berrien hazi: Egaren bazterrak euskaraz ureztatzen

Gaur, ostirala, Garean elkarteak herritarrak deitu ditu azken asteotan gertatukoen harira balorazio bat plazaratzeko. Honela, zentsura eta errespetu falta salatzeaz gain, eskerrak emateko probestu zuen Elkarteak. Irakurritako mezu osoa hemen: elebiz PDF formatuan

Pailazoen emanaldia antolatzeko indarra askoren ekintzek eta hitzek egin zuten posible. Horregatik, Gareanen esker hona hitzetik bezainbeste izan du ekintzatik: elkartasunaren ondorioz eta emanaldiaren gastu guztiak aurreikusi eta gero, irabazi ekonomikoak izan dira, 1.800 euro. Hortaz, Gareanek erabaki du diru hori hiru zatitan banatzea:

  • Remontival ikastetxeko D ereduaren 25. urteurrena ospatzen ari direnei 600 euro
  • Lizarra Ikastolako 50. urteurrena eta Oineza ospatzen ari direnei 600 euro
  • Eskualdeko Irriherri elkarteari, aurtengo euskararen eguna Oteitzan antolatzeko borondatea adierazi duenari, 600 euro.

Izan dadila elkartasunaren fruitu hau ekimen berrien hazi, eta denon artean Egaren ondoko bazterrak urezta ditzagula euskararekin.

Hemen ekitaldiaren argazki galeria:

Emozioa eta elkartasuna

Jada ezaguna da gaurko egunera ekarri gaituen kronologia: Urriaren 31n Bizi Dantza ikuskizuna antolatzeko baimena eta azpiegiturak eskatu genizkion idatziz Udalari. Urtea hastearekin batera, eta hainbatetan ahoz eskatu arren erantzunik ez genuenez, azken urteotan bezala kartelak eta sarrerak inprimatu eta jartzen hasi ginen. Urtarrilaren 21ean heldu zen erantzun ofiziala, baimen-ukatzea “ya que (…) hay entrenamientos deportivos, y dado que se trata de una instalación deportiva tienen prioridad dichas actividades“. Ekitaldirako bi aste falta zirela.

Gareanek konpromisoak hartuak zituen haurrekin, familiekin, arloko profesionalekin, dantzariekin… dena data jakin baterako. Data hori gainean genuen, eta denboraz estu-estu ibili arren, konpromiso horiei eustea hasieratik erabaki genuen. Berehala, konponbidea topatzeko bideak abiatu genituen. 22an bertan idatzi berri bat egin genuen bi eskaerarekin: alde batetik bilera bat eskatu genien Udal ordezkariei (Alkateari, Kirol arloko arduradunari eta Ondare eta euskara arloko arduradunari), eta bestetik, Kiroldegia ukatu zigutenez, Remontival frontoia eskatzen genuen, adieraziz hango kudeatzailearekin eta kirol taldeekin jada hitz egina genuela. Bien bitartean, Udalaren erantzunaren zain, beste toki baten bila hasi ginen.

Udalaren erantzun ofiziala urtarrilaren 27an iritsiko zen, nahiz eta aurretik ordezkari politikoek ahoz adierazia ziguten ezezkoa jasoko genuela. Erantzun honetan beste behin ere baimena ukatzen zuten: “Denegar a la asociación Garean Euskaldunon Elkartea el uso de instalaciones y/o espacios municipales para este evento”. Hau da, justifikaziorik gabeko ezezkoa 11 urtez antolatu dugun ekitaldiari.

Eskaera egin genuenetik bi hilabete pasa arte ez ziguten erantzun, ekitaldirako bi aste falta zirela. Horrek, behinik behin, gure lanarekiko errespetu falta ikaragarria adierazten du, eta baita profesional, boluntario eta laguntzaileen lanarekiko. Elkarteak irabazi asmorik gabeko izaera du eta lan boluntarioa du oinarri; hortaz, afera honek lan zama handia eragin digu eta soberan ez genuen denbora lapurtu behar izan diogu geure bizitzari eta geure hurbileko jendeari.

Bertzalde, emandako erantzunek argi uzten dute ez dela arazo teknikorik izan, zentsura hutsa baizik. Gainera, argudiatzea kirol arrazoiengatik ukatzen zitzaigula eta, geroago, hori gezurtatzea bestelako motiboengatik zela adieraziz, beste behin ere geure Elkartearekiko eta kirol taldeekiko errespetu falta nabarmena da.

Halaber, aipatu behar dugu bi idatzi ofizialak euskaraz egin ditugula eta erantzuna gaztelania hutsez jaso dugula, Foru Dekretuak eta Euskararen Ordenantzak kontrakoa dioten arren, eta zerbitzu publiko eta unibertsalaren izaeraren aurkako.

Zorionez, egoera txarrenetatik jendearen onena atera ohi da. Elkartasunak, hala, jo ditugun ateak ireki dizkigu. Lanerako eskurik gabe geratu garenean, eskuak luzatu dizkigu. Zalantzak agertu direnetan, babesa eman digu. Askoren laguntza honi esker azken urteotako pailazoen emanaldirik onena bizi izan genuen joan den otsailaren 5ean: milatik gorako eztarri eta bihotz taupada batera, Lizarraldeko dozenaka haur eta gaztetxo dantzari taula gainean, Oteitzako inauterien harrera, Ikastola eta Remontivalgo D ereduen urteurrenaren ospakizuna, kanpotik ezarritako oztopo bidegabeak gainditzeko gai izateak eragiten duen zirrara eta, ikuskizuneko azken une gogoangarria: Maddalen Arzallus bertsolariaren hitzak bere eginda, publiko osoak pailazoen lan profesionalari egindako omenaldia, ikusentzule guztien konplizitatearekin eman genien sorpresa hunkigarria.

Esan bezala, Gareanek bilatu ez dituen motiboengatik aurtengoa eskaini den emanaldirik onena bilakatu da, bertan sortu zen konplizitate sakon eta ederra jendearen memorian iltzatuta geratuko delakoan gaude, antolaketan ibili garenoi bederen hala gertatu zaigu. Baina ez da hau Gareanek nahi duena.

Gareanek normaltasunera itzuli nahi du: Kolore ezberdineko udalekin aurretik gertatu den bezala, baimenak eta laguntza lortu; kirol taldeen eta kiroldegia kudeatzen duen enpresaren kolaborazioa izan, eta batez ere, urtero-urtero gozatzera hurbildu diren milaka familien poza eta emozioa. Ekitaldi hau hona ekartzeko ahalegina familiei zor die Gareanek. Hala egin dugu hamarkada batez eta hala jarraituko dugu, familiek eskatu bitartean. Datorren urtean Udaleko atea berriro jotzen dugunean, hala eginen baitugu, espero dugu ez soilik Garean elkarteari lana erraztea, baizik eta Lizarrako zein Merindade osoko haur eta familien eskaerari entzungor ez egotea.

Pailazoen urteroko ekitaldia erabat irekia da, geure Elkartearen ateak zabalik daude eta euskarak besozabalik hartzen du hurbildu nahi duen oro. Ongi etorriak zarete denok pailazoen emanaldira, Gareanera eta euskara mundura, bereziki, urrunen egon daitezkeen horiek, hurbildu eta ezagutu, ateak zabalik dituzue.

Azkenik, esan bezala, arrakasta hau ez zatekeen posible izan askoren elkartasunik gabe. Jasotako babesa ezin neurri berean itzuli, baina, behintzat, ahaleginduko gara. Aurrena, agerraldi honetan geure esker ona luzatu nahi dizuegu hitzez zein ekintzaz lagundu eta babestu gaituzuenoi. Eta bigarrena, Oteitzako emanaldian gastuak handitu arren, elkartasunetik jasotako babes erraldoiak irabazi ekonomikoak ere ekarri ditu. Geurea irabazi asmorik gabeko elkartea izanik, elkartasunetik jaso dugun diru hau elkartasunez itzultzea erabaki dugu.

Batetik, Remontival ikastetxeko D ereduak 25 urte betetzen ditu aurten; Lizarra Ikastolak 50 urte eta Nafarroa Oinez. Biak ala biak ospakizun lanetan dabiltza. Hortaz, irabazien heren bana emanen diegu, doala aldi berean geure eskerrik eta zorionik beroena eskaintzen duten kalitatezko euskarazko hezkuntzarengatik eta urtez urte ikastetxe hauek aukeratzen dituzten gurasoei, hautu bikaina zuena.

Bestetik, aurtengo eskualdeko Euskararen Eguna Oteitzan bertan ospatuko ote den ari dira aztertzen. Azken herena eskualdeko Irriherri elkarte senideari luzatuko dio Gareanek, Oteitzan Euskararen Eguna antolatzeko eta, hala ez balitz, euskararen alde egiten duen lanean jarraitzeko.

Izan dadila elkartasunaren fruitu hau ekimen berrien hazi, eta denon artean Egaren ondoko bazterrak urezta ditzagula euskararekin.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena