Dorian Grayren erretratua Lizarraldeko euskaraz

Dorian Grayren erretratua Lizarraldeko euskaraz. Oscar Wilderen klasikoa Estellerriko euskarara ekarri du Garean elkarteak.

Garean elkarteak Dorian Grayren erretratua (Estellerriko euskaraz) aurkeztu du, Oscar Wilderen eleberri ospetsuaren itzulpena Lizarraldeko euskara aldaerara egindako edizio berezia.

Itzulpen eta egokitzapena Aitor Arana Luzuriaga filologo eta hizkuntzalari ezagunak egin du, erreferentea Nafarroako euskalkiak ikerketzen eta baloratzen. Aitor Aranak lexikografia eta pedagogiaren alorrean lan zabala du eta besteak beste 24 hiztegi egin ditu. Dorian Grayren erretratua itzultzeak bere bizitza-lana osatzen du, hizkuntza berpizteari lotuta, obra beste hainbat aldaeretara ere itzuli baitu, hala nola, Izarbeibarrera, Zaraitzuera eta Erroibarrera.

Altaffaylla argitaletxearekin lankidetzan egindako argitalpen berri honek jarraipena ematen dio Garean Elkarteak Estellerriko euskararekin abiatutako proiektuari. Aurrez, 2023an, Estellerriko euskara hiztegia argitaratu zuten, Lizarran eta inguruko haranetan hitz egiten zen euskara biltzen duena, dagoen dokumentazioan eta orain arte bildu diren testigantzetan oinarrituta.

Dorian Grayren erretratua (Estellerriko euskaraz) liburuaren aleak jada salgai daude Lizarrako liburu-dendetan, 16 euroko prezioan.

Liburuaren laburpena
Dorian Gray, edertasun aparteko gazte bat, lord Henry zinikoak irakatsitako hedonismoaren ikuspegiaz liluratuta geratzen da. Denboraren igarotzeari buru belarri, betiko gazte mantendu nahi du, eta bere arima jokoan jarriko du bere erretratuak, Basil Hallward lagunak margotutakoak, haren ordez zahartzeko. Hala ere, paktu diaboliko horren ondorioak berak imajinatu zezakeena baino askoz izugarriagoak izango dira.

Egileari buruz
Oscar Wilde (Dublin, 1854 – Paris, 1900) bere garaiko idazlerik distiratsu eta eztabaidagarrienetakoa izan zen. Antzerki-lan, eleberri eta ipuin ahaztezinen egilea, hala nola Printze zoriontsua edo Erraldoi berekoia, bere ibilbidea eten egin zen lord Alfred Douglasekin izandako harremanagatik kartzelaratua izan zelako. Kartzelatik irtetean, Readingeko kartzelako balada idatzi zuen, eta bere azken urteak erbestean eta ahaztuan bizi izan zituen.

Liburuaren fitxa teknikoa:
• Izenburua: Dorian Grayren erretratua
• Egilea: Oscar Wilde
• Itzultzailea: Aitor Arana
• Argitaratzaileak: Garean Elkartea eta Altaffaylla
• ISBN: 978-84-127087-7-6
• Orrialde kopurua: 128
• Formatua: 14 x 21 cm
• Prezioa: 16 €

Aurreko artikuluaHeidi, katamotzaren erreskatea
Hurrengo artikuluaUrriak 4, larunbata: bisita gidatua Nafarroako Museo Etnologikora