«Brinka!» Gorputza mugitu eta jolastu

Aurten ere Lizarrako Udalak Brinka! proiektua eskaini du. COVID-19ak modu nabarmenean baldintzatu du egitasmoa, baina hala ere aurrera atera da. Edizio honetan, Lizarra Ikastolako 5 eta 8 urte arteko 18 haurrek parte hartzen dute. Proiektuak jarduera fisikora hurbiltzeko eskola eredua sustatzen du, ikasleen garapen integrala bultzatuz. Lizitazioa Mugitu Abenturak eskuratu du eta bertako begiraleek gidatzen dituzte saioak. Proiektuaren inguruko xehetasun gehiago ezagutzeko, Udalaren kirol arloko Leticia Salsamendi eta Mugituko Onara Napal elkarrizketatu ditugu.

LETICIA SALSAMENDI, Udaleko kirol arloa

  • Zergatik jarri duzue martxan «jarduera fisikora hurbiltzeko eskola eredua» den Brinka! proiektua? Zertan oinarritzen da eskola eredu hori?

Proiektuaren funtsa da haurrek hainbat kirol-jarduera fisikoren praktika ezagutzea, etorkizunean beraien aukera eta/edo interesetara hobekien egokitzen dena hauta dezaten, eta, hartara, kirolean espezializazio goiztiarra saihesteko.
Brinka! programaren helburu nagusiak, besteak beste, honako hauek dira: Ikasleen garapen integrala bultzatzea (garapen kognitiboa, motorra eta sozioafektiboa); mugimendu-, adierazkortasun- eta sormen-ezagutza eskuratzea, ikasleei sortzen zaizkien egoerak konpontzen laguntzeko; gaitasun fisikoak garatzea oinarrizko mugimendu-trebetasunen bidez; praktika fisikoarekin lotutako bizi-ohitura osasungarriak integratzea; bereizkeria-ekintzak saihestea eta zailtasunik handienak dituzten kideak elkarlanean aritzea eta integratzen saiatzea, eta abar.

  • Nolako harrera eduki du proiektuak haurrengan eta helduengan?

Egia esan, programa dinamikoa eta entretenigarria da, eta ikasleek ikastetxean jarduera fisikoa egiten jarraitzea du helburu, gorputz-hezkuntzako ordu gutxi ematen baitira. Gainera, pertsona gisa garatzen laguntzen duten jolasak izanik, mugitzeko gaitasunak lantzeaz gain, familiak erakartzen ditu, beste kiroletan ez baita inolako jolasik egiten.

  • Kirolak aukera ematen du baloreak lantzeko: kiroltasuna, ohitura osasungarriak, berdintasuna… nola zaintzen dira eta ematen zaie jarraipena?

Honetan ere, bizitzaren beste alor askotan bezala, hezkuntza da garrantzitsuena, eta hor dago familiaren barruko eredua ere. Gurasoak adeitsuak badira, seme-alaben tratu-berdintasuna sustatzen badute, bizi-ohitura osasungarriak badituzte, etab. haurrentzat askoz errazagoa izango da haiek jasotzea eta praktikan jartzea. Eskolako eta eskolaz kanpoko hezkuntzaren bidez kontzeptu horiek landu arren, familian partekatzen ez badira, nekez integratuko dira haurrengan.

  • Euskararen erabilerari dagokionez, ez da ezohikoa pentsatzea nahikoa dela begiraleek euskaraz egitearekin, baina ikerketa ugarik eta adituek nabarmentzen dute ez dela nahikoa, planifikatu eta esku-hartu egin behar dela. Haurren euskararen erabilerari jarraipena egiten zaio? Zer adierazle dago? Begiraleek prestakuntzarik jaso al dute, eskatu zaie, Udalak eskaini die?

Lizitazioan azaltzen denez, begiraleek gutxienez B2 titulazioa izan beharko dute euskarazko Lizarra Ikastolan eta Remontival IPn klaseak emateko.

  • Ikastetxe guztiek A eredua eskaintzen dute, hau da, haurrek gutxieneko euskara ezagutza bat eskuratzen dute. Ba al duzue irizpiderik talde horietan euskararen erabilerari buruz? Agurrak, Brinka!-saioan zehar dinamika errazen bat euskaraz egitea…?

Ikastetxeek beren artean egiten dituzten topaketa berezietan (aurten, pandemia dela eta, ezinezkoa izango da eta gainera ikastetxe bakarrak parte hartu du), euskara eta gaztelania erabiltzen dira dinamikak eta jolasak egiteko. Beraz, uste dugu aberasgarria eta oso positiboa dela bi hizkuntzak ikasle guztientzat erabiltzea, edozein dela haien ikastetxea.

ONARA NAPAL, Mugitu Abentura

  • Nola lantzen dituzue sormena, lehiaketatik kanpoko eta berdintasunean oinarritutako jarduera fisiko eredua?

Beti saiatzen gara jolas inklusiboak egiten, guztien gaitasunak kontutan hartzen eta ahal den neurrian haien interesetatik abiatuz. Azpimarratzen dugu jolasarekin disfrutatzearen garrantzia, eta galtzeari edo irabazterari garrantzia kentzen saiatzen gara. Jolas kooperatiboak ere erabiltzen ditugu askotan, talde lana sustatzeko, eta ikus dezaten haien artean laguntzeko garrantzia. Jolasek aukera ugari eskaintzen dituzte, eta hauetan moldaketa asko egin daitezke gauza desberdinak lantzeko. Berdintasunean oinarritzeko, talde jolasak egiterakoan adibidez, saiatzen gara beti talde mistoak egiten, bakoitzak dituen gaitasunak ikus ditzan, besteekin alderatzea saihestuz.

  • Gaztetxoenen euskararen erabilera sustatzeko hainbat esparru egon daitezke: abestiak, eskola, ikus-entzunekoak, txangoak… Zer ekarpen berezi egiten du jarduera fisikoak euskararen erabileran? Nola sumatzen duzu euskararen erabilera eremu honetan?

Jarduera fisikoaren bidez haurrek asko disfrutatzen dute eta hori euskaraz egiteak lagundu diezaieke hizkuntzarekin ohitzen. Batzuetan, euskara eskolarekin lotzen dute eta horrek zailtasunak sortzen dizkie eskolaz kanpo hitz egiteko. Baina, euskara bestelako esparruetan erabiltzean, hitz egiteko motibazioa ere handitzen da eta aisiarekin lotzen hasten dira. Horrela, euskara eskolako kontu bat izateaz gain, disfrutatzeko uneetan erabiltzen duten hizkuntza izatera pasatzen da.
Uste dut euskararen erabilerak eremu honetan oraindik ere aurrera egin dezakeela. Izan ere, jarduera fisikoak egitean edo kirolean aritzean, Lizarraldean behinik behin, ez dugu aukerarik izaten euskaraz egiteko, gaztelaniaz eskaini ohi direlako.

  • Euskararen erabileraren aldetik aisialdian eta kirolean, ikerketa ugarik eta adituek nabarmentzen dute ez dela nahikoa entrenatzaile edo begiralea euskaraz egitearekin, ereduarekin, eta «hitz egin euskaraz» modukoek kontrako efektua lor dezaketela. Zer estrategia jarraitzen duzue haurrek euskara gehiago erabil dezaten? Eta, estrategia horiek emaitza kuantifikatzeko, ikasturte hasieran eta amaieran nola neurtzen da?

Gure kasuan, neska-mutilak gehienetan euskaraz aritzen dira, baina bilatzen ditugu moduak baita euskararen erabilera sustatzeko ere. Jolas edo joko bat azaltzerako orduan, gero haiei haien moduan berriz azaltzeko aukera ematen diegu, betiere euskaraz. Modu horretan, guk azaldutakoa haien hitzekin esplikatzeko aukera izaten dute. Badaude baita ere, soilik gaztelaniaz ezagutu izan dituzten jolas eta jokoak, eta hauek euskaraz ezagutzen dituztenean, ahalegina egiten dute hizkuntza honetan aritzeko haietan. Egia esan, euskararen erabilerarekin ez dugu izan arazorik, gehienak Ikastolatik kanpo ere euskaraz aritzen direlako, eta hori nabari da.
Mugituren partetik, erabilera honen jarraipenik ez dugu egiten, hau da, ez dugu kuantifikatzen euskararen erabilera. Egia da, halere, Mugitutik beti ekintzen eskaintzaren zati bat euskaraz egiten dela, honen erabilera sustatzeko eta hauek euskaraz egiteko aukera ematearren, baina ez dugu honen erabilera neurtzen kuantitatiboki.

  • Horrelako proiektuetan ez dira umeak gauza berriak ikasten dituzten bakarrak. Zer ari zara ikasten proiektu honekin? Zein ekarpen egiten dizu?

Haurrekin lan egitean gauza asko ikasten dira beti. Nik proiektu honekin aukera izan dut ikusteko gaur egun haurrek emozioen inguruan eta hizkuntzaren erabileraren inguruan egiten duten lanketa. Ikusi ahal izan dut nola, gatazka baten aurrean, gai diren beste pertsonari gustatu ez zaiena esateko, eta hitza erabiliz, gatazkari irtenbidea bilatzeko. Gaitasun handia daukate besteei gustatu ez zaiena adierazteko, haien mugak ondo ezagutzen dituzte. Hala ere, egunero ekarpen berriak egoten dira haurrekin lan egitean.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena