Bide Bakarra taldearen disko berria euskara hutsean

Lizarrako rap-metal taldeak hamarkada baino gehiago darama lizartar askoren buruak astintzen bere kontzertuetan. 2012an atera zuten bere lehen diskoa eta 2019an «Bañar el Cadaver», bigarrena. Gaur egun Imanol Viñarás (abeslaria), Unai Lage (kitarra), Ion Mitxelena (kitarra), Iker Txasko (baxua), Imanol Salsamendi (bateria) eta Ion Bengoetxea (DJ-a) dira taldea osatzen dutenak.

Hiru Marra izeneko diskoa aterako dute laster, hirugarren diskoa, eta euskarazkoak izango dira abesti guztiak. Gaur egun bizitzea tokatu zaigun errealitatean jasaten den kontrolari kantatzen diote: pandemian, teknologiaren bitartez… txosnetako ostiralean joko dute diskoa zuzenean eta esku artean duzuen elkarrizketa egin diegu.

Nolakoa izango da Bide Bakarraren disko berria? Zer du komunean aurrekoekin eta zer du berritik?
Bide Bakarraren hirugarren diskoa bost abestikoa izango da. Agian, lehenengo diskoarekin antzekotasun handiagoa daukana, ez da bigarrena bezain iluna. Erritmo azkarrak ditu eta gure hasierak gogorarazten dituen diskoa da. Gainera, soinu aldetik berezia izango da, Musiikki estudioan grabatu dugu, Vallejoren eskutik, eta soinu profesionala izango duen gure lehen diskoa izango da.

Nolakoa izan da diskoa grabatzeko prozesua?
Grabatzeko prozesua nahiko lasaia eta kolektiboa izan da. Askotan musika gitarrak egiten zuen eta letra abeslariak. Baina disko hau kolektiboagoa izan da, abestiak lokalean atera ditugu. Letrei dagokionez, Imanol abeslariak egin du lan printzipala, baina astean zehar Unai Lage gitarrista edo Imanolen etxean geratzen ginen eta han letren ideia eta diskoaren kontzeptua pentsatzen ibili gara.

Disko berria euskara hutsean argitaratzeko erabakia hartu duzue. Bizi garen lekuan hau apustu kontzientea izango da ziurrenik. Hala al da? Zergatik?
Bai berezia da. Letra guztiak euskaraz egin ditugu lehen aldiz. Beti egin izan dugu abestiren bat euskaraz baina disko honetan guztia euskaraz egitea proposatu genuen. Imanol abeslariari ilusioa egiten zion, ez zuelako inoiz lan oso bat euskaraz idatzi. Diskoa euskara hutsean grabatzeko erabakia guztiz kontzientea izan da eta guk lorpen bezala ulertzen dugu, asko kostatzen zitzaigulako gure artean euskaraz egitea eta abestiak euskaraz idaztea zailagoa egiten zaigu. Saiatu gara gure letrak metaforikoak izatea eta asko zaintzen saiatzen gara. Prozesu nahiko luzea izan da: irakurketak, itzulpenak eta abesti bakoitzean esan nahi genuena ondo pentsatu. Puzzle bat egitea bezalakoa izan da, baina esfortzuak merezi izan duela uste dugu.

Zuen abestien melodiak asko du rapetik, indar berdina al dauka rapak erabiltzen den hizkuntzaren arabera?
Ba gure ustez musika bakoitza hizkuntza batean sortu da eta normala da gure belarriak ohituta egotea hizkuntza horretara. Adibidez, rock&roll-a edo hip-hopa ingelesez entzutea ohikoa da, edo gaztelaniaz flamenkoa, bolero, pasodoble, mexikarrak… Rapari dagokionez, euskarak gaztelaniak baino joko gehiago eman dezake. Fonetika aldetik, euskarak nahiko zorrotz egiten du belarrira. Beraz, rapean agian ez hainbeste, baina rap-metalean euskara oso zuzena da eta belarrira zorrotz sartzen da, iltzatu egiten da.

Zein da taldearekin aurrera begira duzuen bide-orria?
Hamabost urte daramatzagu elkarrekin jotzen eta lagun talde bat baino, familia bat gara. Ondo ezagutzen dugu elkar eta nahiko pretentsio gutxi daukagu aurrera begira: musikarekin ondo pasatzen jarraitzea, elkarrekin egoteko aitzakia izatea eta urtean hiruzpalau kontzertu ematen baditugu, gozatzeko izan dadila. Nahi duguna gozatzea besterik ez da. Bide Bakarra aktibo dagoen talde bat izan dadila, daramatzan urteengatik mitiko bihurtu da eta gozatzen eta rock&roll-a egiten jarraitzen dugu.

IRUZKINA IDATZI

Mesedez idatzi zure iruzkina!
Mesedez idatzi hemen zure izena